Behin-behinean, 74 legebiltzarkide

Erabiltzailearen aurpegia Jon O. Urain 2017ko aza. 9a, 18:50

Eusko Legebiltzarreko indar harremanak orekatu egin dira, Zabalaren bajagatik. Elkarrekin Podemosen zerrendaburuak ez du itzultzeko eperik, eta koalizioa hamar legebiltzarkiderekin ari da.

Irailean ekin zion urte politikoari Eusko Legebiltzarrak, eta 2016ko hauteskundeetan aukeratutako mapa politikoak behin-behineko moldaketa bat izan du azken bi hilabeteetan. Arrazoi pertsonalak tarteko, irailaz geroztik bajan da Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko zerrendaburua, eta horrek berrorekatu egin ditu legebiltzarreko indar harremanak.

Izan ere, 75 legebiltzarkide izan ohi ditu parlamentuak, baina 74 ari dira jardunean; EAJko 28ak, EH Bilduko hemezortziak, orain hamar diren Elkarrekin Podemosekoak, PSE-EEko bederatziak eta PPko bederatziak. Hori horrela, Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSEk 37 ordezkari dituzte legebiltzarrean, eta beste hainbeste dituzte gainerako indar politikoek. Bi blokeek parlamentari bakarra falta dute gehiengo absolutura iristeko; bitartean, gerta daiteke berdinketa izatea lege, mozio eta abarren bozketan.

Ikuskizun dago noiz arte jarraituko duen egoerak horrela. Zabalak ez du itzultzeko datarik, eta Elkarrekin Podemosek ere ez du hura ordezkatzeko asmorik, behin-behineko egoera horretan koalizioak ordezkari bat gutxiago badu ere. Koalizioko iturriek azaldu dutenez, Zabalaren itzuleraren zain egongo dira, haren esku utzita epea. Legebiltzarkide gisa ez dute ordezkatuko, baina batzorde ugaritan Elkarrekin Podemosen ordezkaria ere bada Zabala, eta horietako batzuetan aldaketak egin behar izan ditu koalizioak; batetik, legebiltzarreko erregelamenduak hala egitea baimentzen duelako, eta, bestetik, batzordea bera blokeatuta gera ez dadin. Zabala Hezkuntza Batzordeko presidentea zen, eta, hura bajan egonda, batzordeak ezin zuen batzarrik egin. Edurne Garcia koalizioko kideak ordezkatu zuen karguan, urrian. Hala ere, osasun eta giza eskubideen batzordeetako kide ere bada Zabala, eta horietan ez du ordezkatu koalizioak.

Jarraitu hemen irakurtzen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!