Esan beharrik ez dago behin baino gehiagotan itzuli naizela; azken urteotan ez naiz joan, nahiz eta noizbait komentatu eta prestatu ere egin genuen, gogoa ez baitzen falta. Azkenean, agenda ezin bihurriago batek galarazi egin zidan. Orain dela pare bat urte bai, itzultzeko modua izan nuen, udan, familiarekin egonaldi lasai bat egin nahian, Kataluniako abaila zorotik urruti. Halakoxe erritmoa inposatzen baitzuten agenda politikoak eta gizartearen esnaldiak: gizarteak, ispiluari begiratu, eta gogoko zuen zer ikusten zuen, eta harro zegoen bere emantzipazio grinaz; nahi horrek mobilizazio jendetsuak zekartzan, beti gizalegez eta jai giroan eginak. Erritmo bizi-bizia izan da Kataluniako politikaren etengabeko ezaugarrietako bat. Hasieran, txantxak egin zituzten, ohiko mespretxuaz eta erdeinuaz. Edo hori eman zuten aditzera. Barregarri uzten zituzten kaleko eskaerak, eta jakin-minez baina harriturik begiratzen zieten. Souffle-a aipatzen zuten, eta guk, berriz, hitz egiteko eta ados jartzeko eskatzen genuen, botoa eman eta Kataluniaren geroa erabaki ahal izateko. Gehiengo isilari dei egin, eta auzitan jartzen zuten gure botoen eta mandatuaren zilegitasuna. Souffle-az mintzatzen segitu zuten, hitz egiteari bide guztiak ixten, Kataluniako Parlamentuaren eta Gobernuaren erabaki eta proposamenak onartzeari uko egiten.
Jarraitu irakurtzen hemen.