«Asko dira enpresaburu arduratsuak, eta babestu egin behar dira pixka bat»

Erabiltzailearen aurpegia Irune Lasa 2017ko aza. 2a, 16:11

Industriako enpresa txiki eta ertainak Gipuzkoan nola errotu aztertu duen ikerketaren zuzendaria izan da. Enpresak galtzeko arriskua ikusten du, eta uste du gizarteak konturatu behar duela haien balioaz.

Cristina Aragonek (Tolosa, Gipuzkoa, 1970) hurbiletik ezagutzen ditu Gipuzkoako industria enpresak, besteak beste, haien jabe eta kudeatzaileetako asko ikasle izan dituelako. Herrialdeak ETE enpresa txiki eta ertain horiek galtzen baditu, gipuzkoarrei «damutuko» zaiela dio. Hain zuzen, industriako ETEak herrialdean errotzeko xedez diagnostikoa egin, eta estrategiak lantzeko, Aragonen zuzendaritzapean ikerketa egin dute Deustuko Unibertsitateak, AEFAME familia enpresen elkarteak eta Antonio Aranzabal Fundazioak, Aldundiaren laguntzarekin. Gipuzkoako Industria ETEak 900 bat dira, eta, eta orotara, 7.000 milioi euroko fakturazioa dute urtean. Eta, guztira, 31.500 lanpostu. 

ETEak galtzeko kezka dago?

Enpresa batzuk behintzat joaten ari dira, edo, berez ez dira joan, baina haien jabetza bai, jabetza ez dago hemen. Eta hori kezka bat da unibertsitatearentzat, AEFAMErentzat, Antonio Aranzabal fundazioarentzat... Nik nahi dut hemengo enpresak hemen gelditzea. Enpresa asko ditugu kanpoan erakargarriak izan daitezkeenak, eta zaindu egin behar ditugu, haiek sortzen duten balio hori geratzea nahi badugu.

Datu esanguratsu bat: familia enpresen erdira bigarren belaunaldiak iritsi dira. 

Bai, eta datu interesgarria da, haientzako larria izan zitekeen abagunea pasatu dutelako, transmisioarena. Erdia inguru dira ere kudeaketan jada bigarren belaunaldia dutela. Hori ere garrantzitsua da. Baina beste erdiari falta zaio abagune hori gainditzea. Eta arriskuak daude, adibidez, jabetza nekatuta baldin badago, belaunaldi berriak ez baldin badaude hemen ongi errotuta, edota atzerrian beste aukera batzuk badituzte —hori asko gertatzen ari da Alemanian ere—. Askotan, enpresak eskualdeetan daude, eta gazteak hiriburuetara edo atzerrira joaten dira prestatzera, eta, maiz, han gelditzen dira.

Ixteko arriskuan dauden enpresei begira diezaiegun. Txikiak dira, baina ez hainbeste: 40 bat langilekoak. 5,7 milioi euroko fakturazioarekin. Hori bai, %63k ez dute produktu propiorik. Azken horretan dago arriskua? 

Bai. Gipuzkoan, berrikuntzaren oso zaleak izan gara, baina enpresak sarean daude: enpresa traktore gutxi batzuk daude, eta haien inguruan asko, baina produktu propiorik gabe, marka propiorik gabe. Eta horri gehitzen badiozu batzuk nekatuta daudela, agian familiek ez duela jarraitu nahi, geroa ez dutela argi ikusten...

Ahuleziei aurre egiteko tresnak ere lantzen zituen. Adibidez, ixteko arriskuan dauden enpresentzako aholku bat kudeaketan hobetzea da. Zenbateraino gara hemen onak kudeaketan? 

Harrigarria dirudi, baina hor oraindik badago aurrerapauso bat emateko. Enpresa asko lantegietan zebiltzan gizonek sortu dituzte, beste lantegi bat sortuta. Eta lehiakorrak izanda, hazi egin dira. Baina enpresa pixka bat intuitiboki kudeatzen dute. Ez dute kudeaketarako hezkuntza zehatzik jaso, baina arrakastak legitimatu egiten du beren jarduna. Baina tamaina batera iristen zarenean, lehiakide batzuekin topo egiten duzunean, hori agian aldatu egin behar da, eta beste pauso batzuk eman. Produktibitateak neurtu egin behar dira, analisi estrategikoak egin, epe luzera helburuak finkatu eta lortu ote diren neurtu behar da. Hor daukagu hutsunerik handiena, etorkizunera begira pentsatzean. Eta etorkizuna badator... hori dena prestatu egin behar da. Horretan lan asko falta dela sumatzen dut, analisi falta... Baina, kar-kar, Business Schooleko batek zer esango dizu!

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!