«Gogorra eman balezake ere, bada garaia torturaren gaiari merezi bezala heltzeko, aurrez aurre begiratzeko eta, behingoz, onartu beharrekoak onartzeko». Torturaren errealitateari buruzko hausnarketa «gordina» helarazi zien atzo Martxelo Otamendi Berriako zuzendari eta Euskaldunon Egunkariako zuzendari ohiak Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldeko ordezkariei. Torturaren errealitatea ez baita desagertzen «begiak ixteagatik», nahiz eta urtetan «beste aldera begiratu den», Otamendiren hitzetan. «Torturarekin utzikeria, itsukeria eta, kasu batzuetan, are larriagoa dena, konplizitatea egon da».
«Errespetua» eskatu zuen BERRIAko zuzendariak torturaren biktimentzat. Oraintsu arte soilik ETAren biktimei zor zaien errespetuaz hitz egin dela, baina azkenaldian Poliziaren biktimentzako aitortza ere mahai gainean jarri dela, eta badela pauso bat, nahiz eta «oso berandu» etorri den. Eta errespetu hori etorriko dela tortura existitu dela jakinda ere, ezer ez egitea erabaki zela aitortzen den unean. «Aitor dezagun behingoz: bagenekien, baina ezer ez egitea erabaki genuen», adierazi zien ordezkari politikoei.
Otamendi Guardia Zibilak torturatu zuen Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioan atxilotu ostean, 2003. urtean. Memoria Lantaldean egindako agerraldian Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak atxilotuei egindako torturak izan zituen mintzagai.
Jarraitu hemen irakurtzen.