Ez da gauza erraza jakitea publikoaren txalo zaparradak zer esan nahi duen. Film baten emanaldiaren ondotik, luzea edo motza izan daiteke, baina ez du derrigorrean esan nahi ikusleei pelikula gustatu zaienik, edo ez zaienik gustatu. Jon Garaño eta Aitor Arregi zinemagileen arabera, erreferentzia horretatik distantzia hartzea beharrezkoa da horretarako. Izan ere, orain arte soilik etxean erakutsi dute Handia, munduko profesionalen bilgune den Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, baina familia eta lagunen artean neurri handi batean. Eta ohikoa den moduan, normala da ezaguna zaren tokian harrera goxoagoa izatea. «Nazioartean lehen aldiz estreinatzen duzunean dator filmaren benetako azterketa», uste du Garañok. Bada, iritsi zaie ordua. Zinemaldiko Irizar saria eta Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu eta bederatzi egunera, hain zuzen ere. Asteon programatu dute Londresko BFI zinema jaialdian, lehiaketatik kanpo, eta herenegun izan zuen lehen emanaldia.
Hirugarren aldia da Moriarti ekoiztetxeko zinemagileak Erresuma Batuko hiriburuan daudela euskaraz egindako produkzio batekin. 80 egunean (2010) ekarri zuten lehenengo, Loreak (2014) bigarren, eta Handia oraingoan. «Esperientzia, ordea, antzerakoa izan dugu etorri garen guztietan. Positiboa. Egia esan, ez duzu zinema jaialdi batean zauden sentsazio hori», dio Garañok. Londres (ere) handia da zentzu guztietan. Kulturarekin eta bestelako gaiekin lotutako milaka ekitaldi aldi berean eskaintzen dituen hiri bat da; hizkuntza eta ohitura askotariko jendea biltzen dituena.
Jarraitu irakurtzen hemen.