Haur bihurriaren zirika jolasa

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Erostarbe 2017ko ira. 15a, 07:10

Juan Kruz Igerabidek 'Labur txintan' hirugarren aforismo liburua plazaratu du. Gai unibertsal askotarikoei itzuri egiten saiatu da, egile klasikoak makulu hartuta sarri

Pentsamenduari bihurritu bat ematea. Edo, bere hitzak erabiliz, «mutiko bihurriarena egitea», hau da, aurrekoek ezarritako pentsamenduari «beste buelta bat ematea». Edo ez derrigorrean ere aurrekoei, baizik eta garaian-garaian ezarritakoari, eta are, norberak bere buruari ezarritakoari. Eta, gainera, printza laburren bidez, esaldi bakar batez, kolpe batez. Hartatik izenburua: Labur txintan. Juan Kruz Igerabidek Pamiela etxearekin plazaratu berri duen aforismo liburua da.

Lehen ere erakutsiak ditu gogoeta sakonak esaldi laburren bidez azaltzeko zaletasuna eta gaitasuna. Lehen ere erakutsia du aforismoekiko apeta. Herrenaren arrastoan argitaratu zuen 1998an, eta Egia hezur 2004an. Biak ziren aforismo liburuak, eta biak argitaratu zituen Alberdania etxearekin. Geroztik, nobelak, poema liburuak eta haur eta gazteentzako literatura landu ditu batik bat, baina, harrezkeroztik ere, ez dio utzi laburrean luze pentsatzeari. 2004tik idatzitako aforismoak koadernoetan eta gaika sailkatuta gordez joan da. Eta haietako zenbait plazaratu ditu orain. Irakurleak 700dik gora aforismo topatuko ditu liburuan. «Gehiago ere baziren, baina ideia beraren inguruan egon zitezkeen dozena bat igual, eta haien artean aukeraketa bat egin dut».

Liburuaren azalean, Cincinnatiko liburutegi publiko zaharreko (Ohio, AEB) irudi bat agertzen da, 1874koa —1955ean izan zen eraitsia—, eta haren gainean idatzita, pentsamenduaren eta literaturaren historiako hainbat izen handi. Hipokrates mediku greziarretik hasita, Heraklito eta Parmenides Grezia klasikoko filosofoekin segituta, Hobbes, Spinoza, Kierkegaard, Nietzsche eta Steiner modernoagoetatik pasatuta, Montaigne, Mallarme, Rilke, Kafka, Cioran, Genet eta Pessoa literatoak aipatuz, eta Einstein nahiz Pascal zientzialariei eta Tom Waits musikariari ere leku eginda —beste asko ere badira liburuan—. «Jakina, ez ditut hor jarri neure burua beraiekin parekatzeko, baizik eta babes modura hartu ditut».

Babes, abiapuntu eta akuilu. Baina baita zirikatzeko erreminta gisa ere. «Antzina, aforismoak gehiago erabiltzen ziren zientzia eta jakituria ezartzeko, kritikatzeko eta hausteko baino. Baina, aro modernotik aurrera, aurrekoen pentsamenduari azpildurak ateratzeko erabiltzen hasi ziren. Pentsamendu ezarriari buelta emateko beharrak akuilatu du aforismoa geroztik. Eta, gaur egun, aforismoen aforismoak ere egiten dira», adierazi zuen Igerabidek, atzo, Donostian egindako aurkezpenean.

Hala, esaterako, zirika egiten dio Montaigneri: «Jaioberriak badu hiltzeko bezainbateko adina (Montaigne), ez, ordea, hiltzeko behar adinako adina». Edota Parmenidesi: «Ez dena esatea da esatea (Parmenides). Badiot, beraz ez da. Pentsatzen ari naiz, beraz ez naiz». Eta Kierkegaardi: «Gizaki guztiak jasanezinak dira (Kierkegaard), filosofoak barne».

Jarraitu hemen irakurtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!