Obabakoak, eszenan

Erabiltzailearen aurpegia IƱigo Astitz 2017ko ira. 6a, 11:06

Bernardo Atxagaren 'Obabakoak' liburuan oinarritutako antzezlana estreinatuko du urriaren 18an Calixto Bieito zuzendariak Bilboko Arriaga Antzokian. Entseguetan dabiltza orain.

Bizikleta banaren gainean jarrita, Joseba Apaolaza mikrofonora noiz gerturatuko zain dago aktore talde osoa Bilboko Otxarkoaga auzoko Harrobia entsegu aretoan. Iñake Irastorzak eskuekin eragiten die gurpilak gora dituen bere bizikletaren gurpilei, eta haurtzarotik berreskuratutako musika horrekin sartzen du Apaolazaren ahotsak ikuslea Obabako elizaraino: «Ze toki iluna!». Eta berehala aktore koroaren errieta: «Shhhhhhh, Esteban, ez ezazu hain altu hitz egin!». Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberria eszenara eramateko erronka jarri dio bere buruari Calixto Bieto antzerki eta opera zuzendari eta Bilboko Arriaga Antzokiko zuzendariak antzokiarentzat egingo duen lehen produkzio propiorako, eta proiektuarekin pozarren dagoela dio. Hamabost egun dira lanean hasi direnetik, eta bera eta bere talde teknikoa baino ez daude oraingoz aktoreen lana ikusten. Urriaren 18rako dute estreinaldiaren data Bilboko Arriaga Antzokian, Bartzelonako Teatro Lliurera joango dira gero, eta Alemaniara ere eraman nahi luke pieza ondoren. Oraingoz, ordea, adi jarraitzen ditu aktoreen mugimendu guztiak entseguan. Bizikleta hotsa oraindik fondoan.

«Hamaika ahotseko poema sinfoniko moduko bat izango da hau». Atxagaren liburua oinarri hartu, eta ipuin eta pertsonaia puzzle moduko bat osatu du Bieitok. Atxagarekin berarekin ere hainbat bilkura egin ditu antzezlana prestatzen hasi aurretik. «Ikaragarria da nobela hori. Dena dauka. Ez naiz literatur kritikaria, baina ez ninduke harrituko azken 50 urteetan idatzitako nobelarik onenetako bat izateak. Ikaragarria da. Hemen oso-oso harro egon beharko zenukete». Aurrez ere Tirant lo Blanch egokitua du Bieitok eszenarako, eta baita Michel Houellebequen Plateforme ere. Eta pozik dago orain proiektuarekin. «Antzezlanean dauden esaldi askok eta askok hunkitu egiten naute», aitortu du.

Talentuaren froga

«Arriaga zuzentzera iritsi nintzenean ere esan nuen hemen oso talentu handia zegoela, eta antzezlan hau da horren froga», dio Bieitok. Hamaika aktorekoa da lantaldea, eta euskal antzerkian ezagun diren izenak daude tartean: Apaolaza, Ylenia Baglietto, Gurutze Beitia, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñake Irastortza, Karmele Larrinaga, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Lander Otaola eta Eneko Sagardoi. Horrez gainera, Susanne Gschwender eszenografoa, Michael Baur argi diseinatzailea, Sarah Derendinger bideogilea, eta Sophia Schenider figurinista ere badaude taldean.

Babel kutsu bat ere badu entseguak tarteka. Bazter batean, ingelesez mintzo dira aktoreen kokapenari buruzko xehetasunez Bieito eta eszena zuzendari laguntzailea, alemanez egiten dio lankideari agertoki atzealdeko pantailei buruzko apuntea Sarah Derendinger irudi zuzendariak, agertoki lanak egiten dituen linolioaren gainean gazteleraz aktore batzuk teknikari batekin hizketan, soinekoei neurriak ingelesez hartzen jantzigilea, eta Joseba Apaolaza aretora sartzen, paperak eskuetan, testuko euskarazko hitz baten esanahi zehatzarekin borrokan. «Muskerraren errainua... Errainua... Errainua...».

Jarraitu irakurtzen Berria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!