«Egunero zaude zain, agiriak noiz lortuko»

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iraola 2017ko abu. 28a, 12:19

Nortasun agiria eskaini du, izena taxuz kopiatu ahal izateko; Mohammad Yasin Haya. 1967. urtean jaioa, urruti, oso urruti: «Nanganharren, Afganistanen». Gerra betean, Pakistanera alde egin behar izan zuen handik, errefuxiatuentzako kanpaleku batera, Nasir Baghera. Familia hantxe sortu zuen: andrea, eta lau ume. «Arabiera eskolak ematen nituen». Miseria gorrian zeudela dio, ordea. Horregatik, Europarako bidea egitea erabaki zuen. Bakarrik.

Afganistango gerratik ihes egin beharrean ikusi zen; hala ere, ez da inoiz saiatu iheslari gisara bere burua aurkezten, asiloa eskatzen. «Ez, nik argi eta ozen adierazi nahi dut miseriak ekarri ninduela hona: pobrezia gorriak. Hori da egia osoa; ez genuen lanik, ez genuen dirurik. Nire anai-arrebak buztinez egindako etxeetan bizi dira oraindik». Afrikan zeharkaldi luze bat eginda sartu zen Europan, txalupa batean. «Atera kontuak, inoiz itsasoa ikusi gabea nintzen ordura arte. Gauza asko gertatu zitzaizkidan bidean».

Hasierako oztopoak

Euskal Herrira etorri zen zuzenean, lagun zuen familia baten bitartez. «Paperik gabe nengoen, baina ez zegoen beste erarik». 2003a zen. 2005ean lortu zuen lehen lan kontratua: «Eraikuntzan. Gogorra izan zen; inoiz horrelako lanik egin gabea nintzen». Hasieran, nekez ateratzen zion etekina diruari: «Familiari bidali behar izaten nion zati bat; bestea, etortzen lagundu zidatenentzat zen: 5.000 euro baino gehiago nituen pagatzeko; dirutza bat. Bizpahiru urte behar izan nituen». 2013ra arte, bakarrik egon zen. «Oso gogorra da». Usurbilen, Astigarragan, Alegian... Gipuzkoa aldean ibili da beti, logela alokatuetan gehienetan. Familia hazten ikusi zuen Pakistanera bi-hiru urtean behin egiten zituen bisiten bitartez.

Apurka-apurka, paperak lortu, eta diru pixka bat ikusi ostean, familia ekartzen hasi zen. «Nire semea ekarri nuen aurrena, 16 urterekin; pentsatu nuen, adin nagusitasuna lortzen bazuen, zailagoa izango zela gero». Legezko prozedura erabili zuen hura ekartzeko. «Ez da batere erraza. Hain justu, aurrena hura bakarrik ekartzeko motiboetako bat izan zen aurkeztu nuen nomina ez zela behar bezain handia familia osoa ekartzeko». Semea izan zen, beraz, heltzen lehena. «Poz izugarria izan zen hura etortzea; ume txiki utzi nuen, eta koskortzen joan da, ni han egon gabe».

Dirua biltzeko ahaleginetan

2014an nomina handiagoa erdietsi zuen, enpresako buruarekin halaxe adostu, eta kontratua aldi baterako enpresa elkarte baten bidez hitzartuta. «Eta, orduan, emaztea eta alaba txikia ekartzea lortu nuen. Orain daukadan soldatarekin, horixe egin ahal izan dut». Tolosan bizi dira orain elkarrekin. Dena ondo doala dio. Harro ikusi du familia berriz osatzen: «Alabak 9 urte ditu, eta oso-oso ondo egokitu da. Pozik dago. Kanpotik etorri bada ere, euskaraz oso ondo ari dela esan didate eskolan». Emaztea ere ongi ari da. «Esker oneko hitzak besterik ez ditu Euskal Herriarentzat».

Orain, harago ere egin nahi du. «Beste hiru alaba ditut Afganistanen. Bat, ezkonduta dago. Baina bi adingabe ere baditut, 16 eta 17 urtekoak». Haiexek ekarri nahi ditu. Lan gehiago eginez, eta semeak asteburuetan lan eginez lortzen dituen diru sarrerak erantsita, horretarako era egin nahi du. Karpeta bat du esku artean, bi neskak ekartzeko egin dituzten zuzemenetako paperez beteta. «Emazteak eta biok besterik ez dugu gogoan, haiek etortzea». Oso luzea da bidea. «Egunero zaude zain: agiriak noiz lortuko. Atzo bertan, neskekin hitz egin zuen emazteak, eta negarrez amaitu zuten. Gogorra da gurasoak alde batean egotea, eta alabak bestean. Bi neska adingaberentzat, gainera, ez da batere erraza, han, bakarrik, bizitzea. Orain Pakistanen daude, bisaren zain; han egoteko bisatua amaitu zaie, eta ez dakigu zer egingo dugun. Egunero-egunero zaude zain, segundoero». Lo barea eragozteraino: «Emazteak amets ere egin du, neskak hemen daudela».

Jarraitu irakurtzen Berria egunkarian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!