Arkatzezko ñabardurak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Sarasola 2017ko abu. 21a, 11:01

Irudizko mundu oso bat du eraikia dagoeneko Maite Gurrutxaga ilustratzaileak (Amezketa, Gipuzkoa, 1983). Urteotan plazaratu dituen dozenaka liburuetan bisitatu dezake irakurleak mundu hori. Baina ikusten ez diren irudi gehiago daude horien atzean. 

Arkatzez landutako zirriborroetan jaio zaizkio mundu horren pusketa asko, boligrafoz zirriborratzen dituen koadernoetan beste asko, eta zaborrontzian amaitu dute azkenean puska ere izan ez diren askok. Batzuk nahiz besteak, denak izan zaizkio ezinbestekoak bere sormen lanean.

Jaioterrian bertan du lanerako lekua ilustratzaileak. Mahaia, ordenagailua eta lanerako materialak jartzeko adina leku dauka. Alboan izaten ditu bere akuarelak, ura, arkatzak, paperak, boligrafoak, pintzelak, isipuak... Eskuz aritzen da; behin bukatuta, irudiak «garbitu» eta eskaneatzeko, edo bestelako lan oso zehatzetarako baino ez du erabiltzen ordenagailua. «Nire lana paperetik eta arkatzetik hasten da. Bozeto liburuetan, berriz, boligrafoak-eta ibiltzen ditut, baita akuarelak ere, neure burua arkatzetik aldentzera behartzeko eta pixka bat istripua onartzen ikasteko. Ariketa bat dira niretzat, baina gero gauza asko hortik sortzen dira, hor aritzen bainaiz libreen lanean».

Artistak bere praktikan bi zirriborro mota bereizten dituela esan daiteke, hortaz: proiektu jakin baterako sortzen dituenak batetik, eta ariketa modura bere koadernoetan marrazten dituenak bestetik. Langintza desberdinak izaten dira. Enkarguz jasotzen ditu proiektu asko. «Ideia edo testu bat jasotzean, irakurtzen dut behin edo bitan, edo behar dudan guztietan, eta buruari buelta batzuk ematen aritzen naiz, baina papera hartu gabe; saiatzen naiz hala egoten ahal dudan denbora gehiena, marraztu gabe». Horrek badu esplikazioa bat: bururatzen zaion lehen ideia ez da beti egokiena izaten, baina bai tematiena sarri. «Burutik pasatzen zaidan lehen ideia hori harrapatu eta marrazten hasten banaiz, batzuetan hortxe trabatuta geratzen zait, eta gero asko kostatzen zait alde batera uztea. Horregatik, saiatzen naiz denbora bat pasatu arte marrazten ez jartzen; hobe izaten da ideiei barrenean hazten uztea».

Behin ideia batzuk zehaztu dituenean —«baina igual oraindik oso ondo jakin gabe ere»—, paperean hasten da lanean. «Bozetoan jada pentsatzen ari naiz nora iritsi nahi dudan, eta horri arkatzarekin ematen diot forma». Hasierako horiek oso irudi txikiak izaten direla azaldu du. «Aurrena, bineta txiki-txiki batekin hasten naiz, ideia paperera eramateko, bisualizatzeko, eta proiektuan joango diren irudi guztiak bata bestearen ondoan narratiboki funtzionarazteko». Irudi txiki horiek baliagarriak zaizkiola ikusiz gero, zirriborrorako papera prestatzen du. Izan ere, aldez aurretik zehaztua izaten du lanaren formatua, eta haren araberako neurria duen papera erabiltzen du zirriborrorako. «Laguntzen du, horren gainean egiten duzulako lan; konposizio bat egiteko, jakin behar duzu zein neurritan mugitu behar duzun».

Bozeto horiek egiteko, orrialde solteetan aritzen da normalean. «Ahal dudala, liburu osorako bozetoak egiten ditut; igual bat geratzen zait kolokan, oraindik ez dudalako ondo ikusten edo... baina, behin betikoaren aurretik, saiatzen naiz paperean dena ondo kokatzen». Orrialde horietan sortzen dira xehetasunez betetako lehen irudiak, eszena bakoitzeko elementuak, objektuen nolakotasunak, pertsonaien gorpuzkera eta keinuak... Zehaztasun osoz marraztu ohi ditu Gurrutxagak. «Bozetoan, irudiak asko lantzen saiatzen naiz. Bestela, ez badago aurrez ondo planteatuta, bukaeran emango dizkit arazoak, bukaerakoa izango da behin eta berriz borratu eta marraztu beharko dudana». Akuarelaren txanda izaten baita, normalean, hurrengoa. Akuarela papera behar duen neurrirako moztu, ertzak prestatu, eta pintzelak hartzen ditu orduan eskuetan, «zikintzen hasteko», arkatzezko trazuak berregiteko, irudiak kolorez betetzeko.

Jarraitu irakurtzen Berria egunkarian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!