Elkarren uberan, puntaren puntan

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Manterola 2017ko abu. 11a, 09:43

Anjel Larrañaga arraunlari izan zen, eta entrenatzaile da iaztik Zarautzen. Irati alaba, berriz, aitaren bidean dabil orain San Juanen, arraunari emanez. Tolosakoak dira biak, baita Kontxako Bandera irabazitakoak ere, eta aurrekalariak ontzian.

Bakarrik ekin zion gaztetan arraunari Anjel Larrañagak, etxean ispilurik eduki gabe nori begiratu ahal izateko: «Erreka bazterrean bizi eta hazitakoa naizenez, horrek izango zuen eragina», kontatu du. Alboan dauka Irati Larrañaga alaba, eta hark bai, hark zainetan darama aitaren zaletasuna, arraunlari delako. Baina ez zen zaletu aita lehian ikusiz, «ni jaio eta segituan utzi zuelako», aitortu du 

Kosta zitzaion, hala ere, aitari alaba erakartzea arraunera. «Beste kirol askotan ibili nintzen, futbolean, atletismoan eta igeriketan, eta futboleko taldea desegin zen arte ez nuen hartu arraunerako bidea», gogoratu du alabak. «Esaten nion lehenagotik ere etortzeko arraun egitera, baina berak ezetz zioen beti», gehitu dio aitak.

Anjel kokatu egin behar da aurreko mendeko azken urteetan, arraunean, Tolosan (Gipuzkoa), lehorreko herri batean. Bitxia ematen du denak uztai berean elkartzea, baina Gipuzkoako herri horretan handia da arraunerako zaletasuna. Horrek eraman zuen Anjel arraunera: «Gaztea nintzela, batel estropadak jokatzen ziren ibaian, eta sonatua izaten zen sanjuanetako estropada. Herriko elkarteak aritzen ziren elkarren aurka».

Alaba jaio aurretik eman zizkion aitak arraunari, hortaz, arraunlari gisa eman beharreko guztiak. Tolosan hasi, Donostian eta Orion gero. Azkenerako, alaba jaio berria, eta amaiera ondo bikaina eman zion arraunlari ibilbideari: «1992an utzi nion, Kontxako Bandera Oriorekin irabazi eta gero. Lan guztiak eginda bukatu nahi nuen, eta hura baino aukera hoberik ez zitzaidan parean tokatuko».

Irati txikia zen, aitak beste kirol baten hautua egin zuenean: «Txirrindularitzan hasi nintzen, arrauna utzi eta gero; serio antzean hasi ere. Zikloturista nintzen, eta lasterketa garrantzitsu asko egin nituen». Zerrenda horretan, aparteko lekua dauka Quebrantahuesos lasterketa ezagunak: «Hamar aldiz daukat eginda», nabarmendu du, harro. Nazioarteko beste lasterketa ezagun batean ere ezagutu zuten Larrañaga txirrindularia: «Marmotte Frantzian korritzen den lasterketa da, Alpeetan, eta hango mendirik mitikoenak igotzen dira, tartean Alpe D'Huez. Lau aldiz egin nuen lasterketa hori».

Garai horretan bizi eta ikusi izandakoagatik balitz, Iratik txirrindularia izateko aukera handia zeukan: «Lasterketa guztietara joaten ginen ama eta biok. Beti aitaren atzetik; aita nora, gu hara». Bazter asko ezagutu zituen bere txikiak. Aita ere gustura, bere beste zaletasunean: «Kilometro pila bat egiten nuen. Lasterketa non, Tolosatik bizikletan joaten nintzen leku horretara. Adibidez, hori egiten nuen Zarautzen hasten bazen proba, edo Hondarribian. Gero, buelta ere bizikletan egiten nuen». Pasatu zituen horrela bizikleta gainean hamar bat urte pasa, berriz ere arraunaren harra esnatu zitzaion arte.

Jarraitu irakurtzen Berria egunkarian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!