Koru arrunt bat baino are profesionalago

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Ugarte Irizar 2017ko abu. 9a, 09:05
berria.eus

Kea Ahots Taldeak emanaldi bat egingo du bihar Musika Hamabostaldian. Koru abeslari profesionalek osatutako talde bat da, abesbatzen munduan ezaguna den Enrique Azurzak zuzendua

Kea Ahots Taldeko zuzendaria da Enrique Azurza (Tolosa, Gipuzkoa, 1967), beste kargu batzuen artean; egon, ez baitago lanez pobre: Bilboko Abesbatzen Elkarteko zuzendaria da, Euskal Herriko abesbatza elkarteen presidentea, Tolosako Hodeiertz koruko zuzendaria eta Musikeneko irakaslea —azken horretan, irailetik aurrera atsedenaldi bat hartuko du, dena den—. Donostiako 78. Musika Hamabostaldian izango da bihar, Kea Ahots Taldea zuzentzen: hiriburuko Santa Teresa komentuan izango da, arratsaldeko seietan.

Duela hogei urte sortu zuen Azurzak Kea Ahots Taldea. Ez da koru «arrunta», ezpada koru musikako abeslari profesionalez osatutakoa: Euskal Herriko hamabi kantari dira; koru zuzendariak eta konpositoreak, tartean. «Koru arruntekin alderatuta, modu profesionalagoan egiten dugu lan —bizpahiru astean behin entseatzen dugu, goizez—, eta musika zailagoa egiteko aukera dugu», azaldu du.

Musika garaikidean berezitu zen hasieratik taldea, horren gabezia sumatuta. Hamabostaldian, aitzitik, Antzinako Musikaren zikloaren barruan egingo dute kontzertua. Ez du kontraesanik ikusten zuzendariak: «Musika garaikidean espezializatu gara gainontzeko taldeetatik bereizi eta izaera propio bat garatzeko, baina, azken bost urteetan, asko uztartu dugu antzinako musikarekin. Bach egin genuen, esaterako, Iñaki Alberdi akordeoi jotzailearekin; klasikoa, gaurko ikuspuntu batetik landuta». Erantsi du antzinakoak eta garaikideak ez direla horren ezberdinak teknikaren eta zehaztasunaren ikuspuntutik; antzinako lanak afinazio aldetik zorrotzagoak direla izatekotan, eta behin hori menperatzea lortuz gero egina duela musikariak garaikideetarako bidea. «Joan-etorriko bidaia da, taldeko kide askok aurretik antzinako musika egin baitute».

Tenebrae factae sunt izeneko programa gertatu dute Hamabostaldirako; Errenazimentuko Duarte Lobo, Alonso Lobo eta Gregorio Allegri konpositoreen obrekin osatu dute. Donabera bat da: Aste Santuko azken hiru egunetako goiz otoitza. Azurzak azaldu du: «Ostiral santuan abesteko idatzitako musika da. Jesusen heriotza oroitzen dute kristauek egun horretan. Antzina ez zen musika instrumenturik erabiltzea onartzen meza hartan: erabat a capella izan behar zuen ezinbestez. Kristauentzat egunik tristeena zenez, hileta musika da».

Jarraitu irakurtzen Berria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!