Tolosako babarrun apaindua

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko uzt. 20a, 13:55

Dotorezia handiz jantzita egoten da babarruna perla beltz horren jai alaitsuan. Izaskun eta Uzturreko bazterrak ikusteko aukera dago, babarrunen lurraldea ezagutzeko.

Babarrunaren kontsumoak garrantzi handia izan du Euskal Herrian mendeetan. Lekale horren nondik norakoa ikertu dutenen aburuz, Ameriketatik ekarri zuten altxor preziatua, XVI. mendeko kolonizazioaren ondoren. Beste batzuek, ordea, denboran atzerago jo beharra dagoela diote, lehendik ere ezaguna zelako Iberiar penintsulan. Dena dela, garai jakin batean, Gipuzkoa aldera ekarri zituzten ale desiratuak. Izan ere, Tolosa salgaiak merkaturatzeko gune sonatua izan da betidanik, izan duen kokapen estrategikoarengatik: Tolosan elkartzen ziren Nafarroatik eta Aragoitik etorritako bidaiariak eta merkatariak, baita Gaztelatik etortzen zirenak ere, eta horiek guztiek —nola ez— Tolosatik igaro behar izaten zuten Frantziarako bideari oratzeko. Dena dela, perla beltzak eginiko bidaia zorionekoari esker, baratzeetako jakirik behinena bihurtu zen Tolosaldean.

Nekazaritzaren pizkundearekin batera, berebiziko indarra hartu zuen babarrunak. Baina XIX. mendearen erdialdetik aurrera, gain behera joan zen lanbide hori: produktu berriak sartu ziren baratzeetan, eta industriak pisu handiagoa hartu zuen. Egoera irauli beharra zegoela, Tolosako Babarrun Elkartea sortu zen 1994an. Helburuak? Perla beltzak defendatu, ezagutarazi eta bereiztea, besteak beste. Hori nahikoa ez, eta joera berriak sartzen hasi ziren elikadura kontuetan, betiere babarrunaren propietateak goraipatzearen karietara. «Landare jatorriko proteina aberatsak dituzte babarrunek, baita karbohidratoak, mineralak, bitaminak eta zuntza ere» zioten.

Azaroaren hondarrean, babarruna goraipatzen dute urtero-urtero Tolosan. Babarrunaren Kofradiak azoka indarberritu nahi izan zuen iaz. Horretarako, bertsolariak, odolki lehiaketa, Basque Fest gune gastronomikoa, erraldoien dantza eta txarangen kalejira antolatu dituzte adin guztietako bisitariak etor zitezen. Babarrun onaren sekretua denbora eta mimoa dela esaten dute. Hori egiaztatzeko, zer hobe Tolosara joatea baino?

Tolosako babarrunaren jaia

Goizean goizetik, Roberto Ruiz, Felix Belaunzaran, Txemari Esteban eta Peio Doiharzabal sukaldariak Triangulo plazara bildu dira, babarrunez beteriko eltzeei onura ateratzeko gogoz. 24 ekoizlek eman dute izena euren altxorraren kalitatea maisutasunez baloratua izan dadin. Babarrun azala, itxura, ukia eta zaporea jokoan daude oraingoan. Sukaldari saiatuak erne dabiltza, lapiko guztiak su txikian irakiten has daitezen. Babarrun salda lodituz doan heinean, usain gozoa hedatuz doa plazako postuetan barna. Bisitari goiztiarrak baserritarrek ekarritako salgaiak aztertzen hasi dira. Babarrun beltzekin batera egin ohi diren jakiak erosteko aukera ere izaten da gaur. Begirada zorrotz, beraz, honako produktu hauetan: odolosteak, saiheskiak, xingarra, Ibarrako piperminak eta Errioxako ardoa, besteak beste.

Tolosako ekoizleek ondo dakite, jakin ere, babarrunak zer-nolako lana duen atzean: lurra prestatu, erein, jorratze lanak egin, landareei euskarriak jarri, babarrun lekak bildu, lehortu, aletu… Norberta Lobregat gazteluarra baratzeko lanetara osorik emana da, eta, ezustean, txapel galanta eraman du Iriarte baserrira, epaimahaikideek hala deliberatuta.

Jarraitu irakurtzen Berria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!