LABek baliabide gehiago bideratuko ditu ekintza sozialera. Hala azaldu du Igor Arroyok; 9. Biltzar Nagusian idazkari nagusiaren ondoko gisa aurkeztuko du zuzendaritzak, eta arlo sozialean ahalegina egingo dute kongresu horretatik aterako diren arduradunek. "Gizarteko gero eta sektore gehiagok zailtasunak dituzte duin bizitzeko, eta horretarako baliabide gehiago jarriko ditugu". Mugimendu sozialekin sare indartsuagoak izatea eta lekuan lekuko antolaketa eraginkorragoa izatea lortu nahi dute horrela. Eta ez soilik soldatapeko langileengana iritsiz soilik, baita langabe, etxeko langile edo bekadunekin lan egiteko ere. Aliantza sendoagoak bilatzeko bidean, kongresura ELArekin harreman hobe bat dutela iristea izango da euren helburua, eta horretan lanean ari direla aurreratu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusi izateko hautagaiak.
Maiatzaren 25 eta 26an egingo du sindikatuak bere kongresua Gasteizen, eta denera 500 kongresista aukeratuko dituzte. Bertarako, LABeko zuzendaritzak nazio batzarraren hautagaien proposamena egin die afiliatuei, eta bertan parekidetasuna sustatu nahi izan dutela azaldu du sindikatuak. 39 karguetarako 38 hautagai aurkeztu dituzte, erdiak gizonak eta beste erdiak emakumeak. Tartean dira eskualdeko bi ordezkari: Oihana Lopetegi Aranguren, Industria Federazioko idazkaria eta Maider Jauregi Sarasola, Komunikazio idazkaria.