Euskarazko katearentzat pizgarria izan daiteke Saralegiren izendapena. Izan ere, kontuan hartu behar da 2011. urtetik hona ETB1ek ez duela edukien arduradun propiorik izan; Alberto Surio EITBko zuzendari nagusia zen garaian, Rosa Diez Urrestarazu izendatu zuten ETB1eko edukien arduradun, eta zeregin horretan aritu zen 2010eko udazkenetik 2011ko maiatzera. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko kabinete zuzendari izendatu zuten Diez Urrestarazu 2011ko udaberrian, eta orduz geroztik ETB1ek ez du zuzendaririk izan programazioko edukiez arduratzeko.
Saralegik ondo ezagutzen ditu ETBren barneko korapiloak, hogei urte baino gehiago egin baititu lanean askotariko saioetan. Kazetaritza ikasketak egin zituen Leioan (Bizkaia), EHUn. Praktikak Euskadi Irratian eta ETBn egin ostean, ETB1eko Bertatik bertara magazinean —Andoni Aizpuru zen aurkezlea— aritu zen, erredaktore. «Bertatik Bertara izan zen nire unibertsitatea», esan zion Tolosaldeko Ataria-ri, elkarrizketa batean. «Asko lagundu dit saio horren ibilbideak, jendearengana iristerakoan». Vaya semanita umore saioan ere egin zuen lan, bi urtez, erredakzioan. 2006. urtean, saioko zuzendari lanak betetzeari ekin zion: lehenbizi Bi errepidean saioan eta geroago Udazken loreak, Errazu, Ni hao Txina, Euskal kantuen gaua... Mihiluze traka eta Airean saioetan zuzendariordea izan zen. 2015ean, Herri txiki, infernu handi saioaren lehen denboraldia zuzendu zuen, eta ikus-entzuleen artean arrakasta handia lortu. EITBko irratietako lan deialdi publikoan, bestalde, lanpostua lortu zuen, eta azkeneko urtean Iruñean egin du lan Euskadi Irratirako eta Radio Euskadirako; urte batzuk lehenago, Euskadi Irratiko Faktoria-n aritu zen urte batez.
ETB2ko entretenimendua
ETB2 katean, batetik, Mari Mar Hernandez del Campo da informazio saioen arloburua. Katearen entretenimendu arloburu berria, berriz, Javi Gutierrez da —Saralegik bezala, egun gutxi daramatza postuan—. Telebistan 30 urte luzeko esperientzia du Gutierrezek. Teknikari arduradun lanetan hasi zen, eta gero errealizazioan aritu eta saioen zuzendari lanak bete zituen hainbat saiotan: errealizadore Euskaraokea-n eta Factor humano-n, zuzendari Objetivo Euskadi-n eta 60 minutos-en, eta ekoizle eragile No es país para sosos-en. ETB1eko Baserri eta Txankarrasaioaren ideiaren sortzailea izan zen. Programaren bigarren denboraldia eman dute ikasturte honetan.