«Esan dezaket burua joan zaigula mendi lasterketekin»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2017ko ots. 7a, 11:46
Argazkia: Berria

Zuzenean bizi izan du zer-nolako eboluzioa izan duten mendi lasterketek eta, bereziki, ultrek; horrek gaitasuna ematen dio jakinaren gainean hitz egiteko, ikuspegi kritikoz eta gehiegikeriak onartuz.

Urte hasierakoak lan askoko egunak ditu Iker Karrerak (Amezketa, Gipuzkoa, 1974), Euskal Herrian mendi lasterketetako ultra distantzian izan den lasterkaririk onenak. Azken urteetako lesioak alde batera utzi, eta indarberrituta dirudi. Bueltan da. Datorren urteko erronkei eta azken urte hauetako oroitzapenei buruz hitz egin du.

Dozena bat urtetik gora badira mendi lasterketetan zabiltzala. Gogoan al duzu egin zenuen lehen lasterketa?

Bai, noski, lehena 2003an izan zen, Jakan, Oroeleko igoera [Huesca, Espainia]. Oporretan Alpeetan ibili nintzen, bakarrik, hilabete inguruan. Egun guztiak mendian gora eta behera pasatu nituen. Handik bueltan, abuztuan eta bero ikaragarriarekin, Asteasuko Pello Izagirre lagunak deitu zidan. Bazela lasterketa bat eta animatzeko esan zidan. Bosgarren amaitu nuen. Orduan konturatu nintzen zerbait banuela mendian ibiltzeko. Aurretik errepidean lasterketa batzuk egindakoa nintzen.

2004an Txindokiko errekorra egin zenuen, 24 orduan 11 aldiz igo eta jaitsi. Nola sortu zen erronka hura?

Aurretik Amezketako Luis Mari Artolak zazpi aldiz egina zuen, eta kuadrillako lagunak, muturra bero zuten gau batean, ni ere saia nintekeela-eta esaten hasi zitzaizkidan. Orduan ez nien ezer erantzun, baina esan nien: «Egunen batean saiatzen banaiz, jakingo duzue». Maiatz hartan hasi nintzen entrenatzen, eta uztailaren amaieran egin nuen. 11 aldiz igotzea eta jaistea lortu nuen.

Zegama-Aizkorri eta euskal selekzioko kontuak ia batera iritsi ziren, 2005ean.

Halaxe izan zen, bai. Oraindik gogoan dut zer gaizki entrenatzen nintzen garai haietan! Orduan Rob Jebb ingelesak irabazi zuen, eta berak izan zuen urte batzuetan probako errekorra. Hamargarren egin nuen Jabi Olaberriaren atzetik. Handik aurrera deitu zidaten selekzioan aritzeko.

Nortzuk osatzen zenuten orduan euskal selekzioa?

Asier Urdanpilletak, Gaizka Itzak, Joxe Mendiolak...

Zenbat denbora egin zenuen selekzioan?

2006an Espainiako Kopan parte hartu nuen, eta hirugarren amaitu. Aurretik Raul Garcia eta Tofol Castanyer izan nituen. Hurrengo urtean, mundu mailako lasterketetara jauzi egin zuen, eta uztea erabaki nuen. Mendizalea sentitu izan naiz beti, eta 2007an horretan ibili nintzen, mendian. Edurne Pasabanekin Broad Peakeko oinarrizko kanpalekura ere joan nintzen. Baltoroko trekkinga egiteko aukera izan nuen.

Urte batzuk mendi lasterketetatik kanpo egon ondoren, Ehunmiliak lasterketan murgildu zinen. Nolatan?

Lanean ari nintzela, Abaltzisketako lagun batek deitu zidan. Aralar inguruan ehun miliako lasterketa bat prestatzen ari zirela Beasainen, uztailean izango zela eta Txindoki eta Aizkorri zeharkatuko zituela. Momentuan esan nion neure buruari: «Nik bertan egon nahi dut».

Zuk aitortua da Ehunmilien estreinako hartan asko ikasi zenuela.

Bai, egia da. Lasterketa egunera pasatuta iritsi nintzen, entrenamenduetatik indarberritzeko nengoen oraindik. Orain erraza da hitz egitea, baina, lasterketa aurretik odol analisi batzuk egin izan banitu orain egiten dudan moduan, han azalduko zen bekatua, ez dut inolako zalantzarik. Orduan ez zegoen informazio handirik ultra distantziak nola entrenatu jakiteko; mito asko zegoen: ibili egin behar zela, ordu askoan ibili behar zela, bolumen handia sartu behar zela... Entrenamendu oso gogorrak egiten hasi nintzen, Pirinioetan ere ordu asko sartu nituen, Andorran ere bai. Egun gehienetan ez nuen atsedenik hartzen, eta lasterketa egunaren goizean jada belauneko arazoak sentitzen nituen.

Gogorra izango zen bi orduko abantailarekin eta 50 kilometroren faltan lasterketa bertan behera uztea.

Lasterketa lasai hasi nuela sentitzen nuen, baina hori bai, adrenalina gainezka. Hainbeste denboran zain egon nintzen lasterketa jokatzen ari nintzen, eta itsu-itsu joaten zara. Ibilbidea eta denbora mugak kontrolatuak nituen, dena uste bezala zihoan, baina Aralarren zerbait nabaritu nuen, eta Lizarrustitik Etzegarateraino oso gaizki pasatu nuen. Igoeretan hor nonbait, baina jaitsieretan koadrizepsak txikituak nituen. Antolakuntzaren masajistaren eskutan jarri nintzen arren, segituan konturatu nintzen ez nintzela jarraitzeko gai. Denborarekin, konturatu naiz inoiz hartutako erabakirik onena izan zela.

Arantzarik ateratzeko gogorik ez duzu izan geroztik?

Ez. Lasterketa gisa oso ondo antolatuta dago, baina ibilbideak berak ez dit bueltatzea eskatzen. Hala ere, esaterako, Goierriko Bi Handietako ibilbidea oso egokia iruditzen zait entrenatzeko, oso distantzia polita delako.

Hala ere, urtea amaitzerako, Kataluniako Cavalls del Vent lasterketa ospetsuan hirugarren amaitzea lortu zenuen.

Polita izan zen hura. Izen handi asko zegoen lasterketan, eta han hirugarren egiteak zerbait esan nahi zuen. Orduan fitxatu nuen Salomonekin, eta orduan etorri zen aldaketarik handiena.

Orain bost edo sei urteko pentsamoldea, lasterketa asko egitearena, aldatzen ari al da? 

Baietz esango nuke. Gaur egun, maila gorenean ibiltzen diren korrikalariek hiru edo lau lasterketa egiten dituzte; hori bai, oso ondo prestatuta. Zaila izaten da distantzia luzeko lasterketa asko egitea eta denak ondo irtetea. Urte batean posible da, baina horrek luzera begira bere faktura ekartzen du.

2013an lasterketa ugari eta kilometro pila egin ondoren (sei lasterketa, 505 kilometro), denboraldia Tor de Geantsekin (330 kilometro, +24.000) bukatu zenuen. Nola gogoratzen duzu urte hura?

Urte ona izan zen. Egutegi hura metodo bat zen. Tor de Geantsera ustez ondo iristeko egindako egutegia zen. Planteamendua ez zen okerra, eta argi neukan zein zen urteko helburua. Hara ondo iristeko lasterketa batzuk zeuden eta, une batean, lasterketa haiek ere helburu txikiak bihurtu ziren. Lasterketa bakoitzera emaitza ona lortzera joan nintzen. Konturatu nintzen ez zuela merezi entrenamenduetan bolumen handiak sartzea, hobe zela esfortzu hori lasterketetarako uztea. Lasterketek beste zerbait ematen dute, eta uste dut alde horretatik asmatu egin nuela.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!