Gipuzkoako Diputazioak bi milioi euro Enirio-Aralarko 2015-2019 Kudeaketa Planera bideratuko ditu. Kopuru horretatik zati bat pista berriak egiteko bideratuko du, eta ez atzo webgune honek zioen bezala bi milioiak bere osotasunean. Kudeaketa Planaren barruan aurreikusi du Goroskintxu eta Saltarri arteko pista berria Saltarriraino luzatzea, Enirio eta Doniturrieta arteko oinezkoentzako bidea zabaltzea, Ariñate eta Igaratza arteko V-a osatzea eta Pagabe, Pardeluts, Latosa eta Zotaletara arteko "besoak ateratzea". Lan horiez gain, ordea, kudeaketa planean aurrekontu horren barruan aurreikusi dute garbiketa lanak egitea, Ariñateko ur biltegia egitea, txabolak eta iturriak konpontzea, aska berriak egitea eta Enirioko langan paso kanadiar bat egitea.
Imanol Lasa foru aldundiko bozeramaileak eman du horren berri, atzo goizean izandako gobernu kontseiluaren ostean. Mendi bide berriak abeltzainen etxoletara iristeko egiten ari dira, eta ika-mika handia eragin dute, naturzale, mendizale, ekologista eta abarren kritikak eragin dituztelako. Besteak beste, Arantzadi zientzia elkartea kritiko mintzatu da pista berrien proiektu horiez. Lasak adierazi du diputazioak hitz egingo duela Arantzadirekin, eta baita nekazarien eta abeltzainen sindikatu eta sektoreko ordezkariekin ere.
Lasak gogoratu du Enirio-Aralar mankomunitateko hamabost herrietatik hamarrek babesa azaldu dietela pista berriei, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkarien gehiengoa ere bat datorrela. Besteak beste, Lasak esan du Aralar natur parke bat dela artzainek eta abeltzainek egindako lanari esker, eta gaineratu du bermatu egin behar zaiela etorkizun "duin" bat izateko aukera.