"Adituen ondorioa da benetakoak direla salatutako torturak, espetxean eginiko azterketaren ondoren eta agiri medikuak analizatu ostean". Hala dio Txapartegiren abokatuak komunikabideetara bidalitako oharrak. Adituen txostena Suitzako Justizia Bulego Federalera igorri dute.
Istanbulgo Protokoloa jarraituz, bi adituk "sinesgarritasuna" eman diote tortura salaketari. "Inkomunikatuta atxilotuta egon zen 10 egunetan torturatua izan zela ondorioztatu dugu, aintzat hartu ondoren [torturen] diagnostiko psikologikoak eta arrasto fisikoak", azaldu du Onder Ozkalipci auzitgei medikuak. Pertsona bat torturatua izan den frogatzeko NBE Nazio Batuen Erakundeak erabiltzen duen ikerketa metodoa da Istanbulgo Protokoloa. Txapartegiren kasua aztertu dute Ozkalipcik eta Thomas Wenzel psikiatrak.
Protokoloaren sortzaileetako bat da Ozkalipci eta aditu gisa parte hartu du, besteak beste, Nazio Batuen Giza Eskubideen goi mandatariarentzako, Giza Eskubideen Europako Auzitegiarentzako eta Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiarentzako. Wenzelek, berriz, 30 urteko esperientzia dauka psikiatriaren alorrean eta Istanbulgo Protokoloari buruz artikulu ugari idatzi ditu eta ikastaroak antolatzen ditu.
Preso, iazko apiriletik
Txapartegi behin behinean preso dago Suitzan, iazko apiriletik, Espainiako Estatuak eskatuta. Haren estradizioa galdegin du, 2007tik ihesean dela argudiatuta. Horrekin batera, Suitzako Justizia aztertzen ari da Txapartegiren defentsak aurkeztutako argudioak: bereziki, 1999. urtean eginiko tortura salaketa.
Defentsak azaldu duenez, atxilo zegoenean eginiko deklarazioetan oinarrituta zigortu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Txapartegi, 18/98 sumarioan. Sei urteko zigorra ezarri zioten, baina espetxeratu aurretik ihes egin zuen, 2007an. ETAko nazioarteko aparatuko kide izatea egotzi zioten.
Estradizio eskaera ez onartzeaz gain, Txapartegik asiloa eskatu dio Suitzari. Torturetan oinarritutako epaietan eginiko estradizio eskaerak ukatu dituzte aurretik Europako estatu batzuek.
Jarraitu albistea irakurtzen Berria egunkarian.