«Gurpil zoroan daude tokiko hedabideak»

Erabiltzailearen aurpegia Edu Lartzanguren 2016ko abe. 22a, 14:33

Tokiko komunikabideen egoera aztertu du Ane Urkola kazetariak Mondragon Unibertsitatearentzat. Batzeko eta eskualde mailako hedabideak osatzeko joera dagoela ikusi du, baina diru laguntzak atzera doazela.

Ikus-entzunezko kazetaritza ikasten du Ane Urkolak (Anoeta, Gipuzkoa, 1995) Mondragon Unibertsitatean, eta TOLOSALDEKO ATARIA-ko interneteko arduraduna daEuskarazko tokiko komunikabideen egoerari begirada bat ikerketa egin du, Eneko Bidegain Mondagon Unibertsitateko irakaslearekin batera.

Duela hiru urte Mondragon Unibertsitateko Hezikom ikerketa taldeak eginiko lanaren jarraipena egin duzu. Zer aldatu da 2013tik tokiko hedabideen munduan beste azterketa bat eskatzeko?

Tokiko hedabide batzuek elkartzeko joera izan dutela ikusi dut, eta eskualde mailako komunikabideak sortzeko joera zabaltzen ari dela. Horren adibide dira TOLOSALDEKO ATARIA, Bilboko Uriola, Arabako Alea, Uribe Kostako Hiruka, Urumeako Kronika... Zarauzko Hitza-n, esaterako, Urola Kostako Hitza aldizkariaren Zarauzko berriak, Erlo telebistaren eta Arraio irratiaren saioak bateratu dituzte. 

Zerk behartu ditu indarrak batzera?

Egoera ekonomikoak. Diru laguntzaren aldetik oso estu dabiltza, eta ikusi dute denek helburu bera izanda, hau da, eskualde berean informazioa euskaraz ematea, ez duela zentzurik bakoitza bere aldetik ibiltzea. Diruari begirako abantailez gain, elkarrekin aritzeak sekulako mesedea egin die kalitatearen eta produktu askoz osatuagoa eskaintzeko bidean. Irakurleen aldetik ere bada joera bat: ez dute nahikorik irakurtze hutsarekin; irratia entzun nahi dute, telebista ikusi... Elkarren osagarriak dira hedabideok: egunkaria, astekaria, irratia. Irakurleari ere interesatzen zaio gero eta osatuagoa izatea produktu hori.

Bateratze horrek produktua nola hobetzen duen erakusteko adibiderik?

TOLOSALDEKO ATARIA-ko webgunean nabil ni lanean, eta hor ikusten dut gunea bera irratiko audioekin elika daitekeela, elkarrizketekin eta iritzi tarteekin, esaterako. Egunkaria eguneroko gaietara bidera daiteke, astekarian erreportaje landuagoak egin... Gauza ezberdinak egiteko eta gauza ezberdinak eskaintzeko aukera ematen dizu etxean hainbat produktu edukitzeak.

Asko handitu da tokiko hedabideen Interneteko guneen bisita kopurua. Hainbatetan bikoiztu ere egin dira bisitak. Zer egin dute ondo?

Tokiko hedabideek etekina atera diote hurbiltasunari. Eskualdeko jendeak inguruko gertakarien argazkiak eta bideoak eskatzen ditu, eta hedabide nazionalek ezin diete halakorik eskaini. Herriko krosak izarrak dira, esaterako; herriko festak, argazki galeriak...

Datu deigarri bat argitaratu duzue: tokiko komunikabideen urte osoko ekoizpena batuz gero, batez beste egunero 70 orrialdeko egunkari bat atera liteke. Zer adierazten dizu zuri datuak?

Sekulako indarra dagoela tokiko hedabideen inguruan. Kopuru ikaragarriak ateratzen dira, langileak eta laguntzaileak zenbatuta.

Baina badira bestelako datuak ere: bost handienak kenduta, gainerako tokiko hedabideek hamar langile baino gutxiago dituzte. Nola mugatzen du horrek indar hori guztia bideratzeko ahalegina?

Erabat mugatzen ditu hedabideok: hau egin nahi da eta bestea, baina, baliabiderik ez badago, ezin dira egitasmoak aurrera atera. Gurpil zoroan daude tokiko hedabideak: ezin dituzu egitasmoak garatu, eta, ondorioz, diru laguntzak ez dituzu jasotzen, eta, orduan, baliabide gutxiago dituzu. Gainera euskarazko hedabideetan aritzeak ahalegin gehiago eskatzen dio langileari.

Tokiko hedabideen atomizazioa zen hitz gakoa 2013ko ikerketan. Oraingoan, bateratzea da. Joera bat marraztuta, etorkizuna aurreikus daiteke. Hiru urte barru zein izango da gakoa?

Espero dut tokiko hedabideek elkarri laguntzeko joera sendotzea. Bide horretan urratsak egingo direlakoan nago. Ideia trukeak asko lagunduko luke horretan: hauek horrela egin dute, guk nola egingo genuke? Diru laguntzen arloan badirudi atzera goazela, ordea. Espero dut hori aldatzea, baina, geure esku ez dagoenez, elkarri laguntzea besterik ez dago, txikitasunetik handitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!