«Federazioen batasuna lortuta, orain da lanerako garai onena»

Erabiltzailearen aurpegia Jon Eskudero 2016ko abe. 20a, 17:07

Legealdia amaitzear du presidente karguan, eta pozik dago, baina beste lau urtez jarraitu nahi luke lanean. «Konpromiso guztiak bete gabe geratu dira, eta hitza betetzea gustatuko litzaidake».

2013ko ekain amaieran kargua hartu ondotik, amaitzear du legealdia Patxi Jauregik (Bedaio, Gipuzkoa, 1956) Euskadiko Pilota Federazioaren presidente karguan. Legealdi berrirako, joan den ostiralean bukatu zen hautagaitzak aurkezteko epea, eta egungo presidenteak eta Gotzon Enbil zesta-puntako jokalari beteranoak eman zuten izena. Bada, urtarrilean egingo dira hauteskundeak. «Gainerako federazioekin dugun harremanagatik, orain dator lanerako garai egokiena», esan du Jauregik. Etorkizunaz baino gehiago, ordea, hiru urte eta erdiotan egindako eta egiten ari den lanaz mintzatu da BERRIArekin, luze eta zabal.

Legealdia amaitzear dela, zer iritzi duzu hiru urte eta erdi hauen inguruan?

Pozik nago egin dugun lanarekin, baina geratzen zait halako zapore gazi bat oraindik ere egiteko daukagunagatik. Izan ere, kanpainan klubei proposatu genizkien hainbat kontu erdibidean dauzkagu, eta gustatuko litzaidake hitza guztiz betetzea. Zer egoera ekonomikotan gauden kontuan hartuta, egia da gauza asko eta asko egin ditugula, baina proiektu batzuk baditugu egiteko. Horregatik aurkeztu naiz berriz. Ez dut interes pertsonalik, baina konpromisoak bete nahi ditut.

Egoera ekonomikoa aipatu duzu. Hain larria al da?

Federazioan sartu ginenean, aurreikusi baino askoz egoera kaskarragoa topatu genuen. Zulo handi bat zegoen, eta, gainera, Munduko Pilota Batzarrak goizetik gauera kendu zizkion federazioari urtero ematen zizkion 50.000 euroak. Beraz, 400.000 euroko aurrekontu batean 150.000 euroko zulo batekin aurkitzeak zailtasun ugari eragiten du lanerako. Baina, tira, saiatu gara proiektuak aurrera eramaten, eta uste dut lan duina egiten ari garela.

Nolako harremana daukazue Munduko Pilota Batzarrarekin?

Zehazki, 2006an sortu zen Munduko Pilota Batzarra. Helburu bat eta bakarra zuen: euskal selekzioa indartu eta gure kirola munduan ezagutaraztea. Gaur-gaurkoz, ez dugu harremanik. Nik ez daukat ezer inoren kontra, eta, pilotaren mesederako bada, edonor ateak irekita hartuko dugu. Hauteskundeak gainean dira, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Besteak beste, karguan sartzean aipatu zenuten euskal selekzioa indartzea zenutela xedeetako bat. Zer pauso eman dira?

Gure hautagaitzaren oinarri nagusietakoa euskal selekzioa indartzea zen: horretan ez genuen zalantzarik. Lehentasuntzat jotzen dugu euskal selekzioa txapelketa ofizialetan ikustea, eta urrats sendoak egin ditugu. Nazioarteko Pilota Federazioan ez dugu sarbiderik, Espainiako Federazioa hor dagoelako. Dena den, Nazioarteko Pilota Konfederaziora [CIJB] batu gara ofizialki, neroni naiz presidenteordea, eta, ondorioz, 2017an euskal selekzioa ofizialki lehiatuko da Kolonbian, lehen aldiz, joko zuzenetan.

CIJBeko ordezkari gisa, joko zuzenen Txapeldunen Liga antolatu berri duzue. Nolako esperientzia izan da?

Oso polita eta interesgarria. Harrigarria dirudien arren, joko zuzenek sekulako indarra dute Europako hainbat herrialdetan, eta urrian Euskal Herrian izan ziren Herbehereak, Italia, Frantzia, Belgika, Valentzia eta abarretako hainbat pilotari, kluben arteko txapelketan. Lan gogorra izan zen dena antolatzea, baina merezi izan zuen. Joko zuzenak berreskuratzeko lan handia ari dira egiten Oiartzunen, eta, aurten, estreinakoz, bote luzeko Euskal Herriko txapelketa izan dugu.

Euskal selekzioaren harira, Mexiko ere izan zen Euskal Herrian, zein eta munduko txapelduna.

Munduko txapeldun izan eta hiru hilabetera, euskal selekzioaren eta Mexikoren artean lagunarteko lau jaialdi jokatu ziren Hernanin, Amurrion, Beran eta Zaldibarren. Gizonezkoak eskuz aritu ziren, eta emakumeak, palaz. Antolaketa hark ere lan asko eragin zigun, baina gustura egin genuen, emaitzak bikainak izan baitziren. Lau jaialdietan lepo bete zen pilotalekua, eta antzeman genuen jendea gogotsu dagoela euskal selekzio ofiziala ikusteko.

Nolako harremana duzue Espainiako Pilota Federazioarekin?

Instituzionalki, harreman normalizatua daukagu. Asteburuan izan dugu batzar bat, eta errespetu handia diogu elkarri. Nazioarteko Federazioan sartu ahal izateko oztopoak ditugu, gai politikoa delako, eta, gobernua tartean egonik, zaila izango da pauso hori ematea. Kontraesan izugarria iruditzen zait Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa izena edukita gu hor egon ezin izatea, euskal pilota gurea izanik.

Emakumeek gero eta indar handiagoa dute pilotan. Zein asmo dituzue gai horretan?

Arlo horretan ere pauso sendoak eman dira. Jada zortzi urte inguru izango dira Gipuzkoako Federazioak Emakume Pilotari proiektua martxan jarri zuela. Emakumeek palaz jokatzeko proiektu bat da, eta azken urteotan nabarmen egin du gora kopuruak. Asko ugaritu da Gipuzkoan eta beste herrialdeetan. Txapelketetan maila handia dago, eta zaletasuna handitzen ari da. Palaz ez ezik, eskuz ere hasi dira emakumeak, azken urte eta erdian, batez ere. Ni neu, izugarri pozten nau horrek. Pentsa, neska bat badugu etxean palaz ibiltzen dena, eta ilusioz bizi dugu denok.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!