«Orain arte ez dut izan epaile baten aurrean hitz egiteko aukerarik ere»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Iruretagoiena 2016ko azaroaren 2a

«Baikor» hartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren sententzia Irati Mujikak (Amezketa, Gipuzkoa, 1985), baina mesfidantzaz mintzo da aurrerakoaz.

Zer iruditu zaizkizu Madrilgo auzitegiek egindako ikerketak?

Abokatuek beharrezko tramiteak egiten zituzten, bai, baina nik orain arte ez dut deklaratu epaile baten aurrean. Ez dut zuzenean parte hartu ikerketan. Konstituzionalaren sententzian, ikusi dut auzi medikuei deklarazioa hartu zietela eta haiek zer esan zuten.

2013an jo zenuten Konstituzionalera. Zer esan nahi du erantzuna hainbeste luzatu izanak ?

Motelak izaten dira horrelako gauzak. Orain zazpi urte gertatutakoen bueltan berriz ibili beharrak, buruarentzat ere, esan nahi du berriz atzera egin beharra.

Beste berririk izan duzu auziaz?

Bai, ostegunean bertan joan behar dut Madrilgo Auzitegi Probintzialera. Konstituzionalak hara itzuli du auzia orain, eta hara joan behar dut deklaratzera.

Pentsa liteke Estrasburgoko epaiek izango zutela eraginik.

Espainiari belarritik tira izan diote, bai. Orain, badirudi hara iritsi aurretik gehiago ikertzera behartu nahi dituztela auzitegiak, baina ikusi beharko da benetan baliabideak jartzen dituzten ala ez.

Zuk zer espero duzu orain?

Hasteko, epaile baten aurrean hitz egin ahal izango dut, behintzat. Orain arte ez dut horretarako aukerarik ere izan. Zoritxarrez, badakigu badutela amaierarik gabeko zaku bat, eta ikerketa hau berriz ere halako batean bukatzeko arriskua ikusten dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!