Bi urteko zigorra eskatu du fiskalak Mendizabal jo zuen ertzainaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Jon Olano 2016ko uztailaren 21a

2013ko irailaren 30ean jo zuen borraz ertzainak senatari ohia, Herrira-ren aurkako polizia operazioaren kontrako protesta batean zegoela. Fiskalaren zigor bera eskatuko du akusazioak.

Herrira-ren aurkako operazioan, Guardia Zibila Hernaniko egoitzara sartu zen, eta Ertzaintzak hartu zituen inguruak. Jende ugari elkartu zen protestara, eta ertzain batek borraz jo zuen buruan Amalur Mendizabal orduan Amaiurreko senataria zena. Emakume bat babesten ari zela eta senatari txartela erakusten ari zela jo zuten; buruan bost zentimetroko ebakia eragin zioten, eta zortzi puntu eman zizkioten.

Egun batzuk geroago, salaketa aurkeztu zuen Mendizabalek. Iazko irailean, auziarekin jarraitzea eta ertzain bat inputatzea erabaki zuen Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiko epaileak. Orain, ahozko epaiketa egiteko eskatu du fiskalak, ertzainarentzat bi urteko zigorra galdegitearekin batera. Lesio delitu bat egotzi dio, eta larrigarritzat jo du langile publikoa izatea; aldiz, aringarritzat jo du bere funtzioak gehiegi bete zituela. Gainera, fiskalak eskatu du ertzainak Mendizabali 3.600 euroko kalte-ordaina ordaintzeko.

Jarraitu artikulua irakurtzen Berria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!