Neonen osteko bizitzatik

Erabiltzailearen aurpegia Maite Asensio Lozano 2016ko eka. 1a, 12:02
Argazkia: Berria.eus

Errumanian saldua izan eta bost urte klub batetik bestera ibili ondoren, prostituzioa utzi zuen Tolosaldean bizi den Amelia Tiganusek, orain bederatzi urte. Aukera bat eskatu du berak bezala prostituziotik atera nahi duten emakumeentzat.

Emakume jaiotzeak bere «patua» markatu zuela kontatzen du Amelia Tiganusek (Galati, Errumania, 1984). «Prostituta izateko ezaugarri guztiak nituen. Errumanian, emakumeen aurkako indarkeria izugarria da; hemen mozorrotuago dago, baina han basatia da, bortizkeria sexuala batik bat. Hainbesteko indarkeria jasaten dugu, ezen prostituzioan amaitzeko arriskua latza baita». Oraindik adingabe zela saldu zuten Tiganus, eta urteak egin zituen Iberiar penintsulako klub batetik bestera. Duela bederatzi urte utzi zuen prostituzioa, eta, ordutik, asko hausnartu, irakurri eta eztabaidatu du auziaz. Gipuzkoan bizi da egun, mugimendu feministan murgilduta: «Zauriak sendatzen lagundu dit feminismoak». Hain zuzen, Feminicidio.net webgunearen egitasmoan parte hartzen hasi da berriki, eta, aurkezpen gisa, ostiralean hitz egin zuen bere bizipenez, Iruñean izandako jardunaldi batzuetan. BERRIArekin ere mintzatu da bide horretaz.

«Prostituta izan aurretik, puta nintzen». Une oro indarkeria du ahotan, baina lasai mintzo da Tiganus patu horretaz. «Emakumeen salerosketaren biktima baino gehiago, emakumeen aurkako indarkeriaren biktima sentitzen naiz, bortizkeria horrek markatu baitu nire bizitza». Goizegi jasan zuen lehenbiziko erasoa: «13 urterekin bortxatu ninduten; ez naiz ondo gogoratzen, baina uste dut hiru mutil izan zirela. Orduan konturatu nintzen ezingo nintzela inoiz gehiago emakume on bat izan». Jarraian heldu ziren hurrengo bortxaketak: «Berdin zuen nik sexu harremanak izan nahi nituen ala ez; ez nuen ezetz esateko aukerarik, ez neukan hitzik, puta bat nintzelako». Indarkeriara «ohituz» joan zela oroitu du, jazarria izatera, mehatxuetara. «Ikasle bikaina nintzen; oso nota onak ateratzen nituen, baina eskolako tratu txarrak jasanezinak bihurtu ziren».

Ikasketak utzi zituen. Ez zegoen atzera-bueltarik. «Galduta nengoen: maldan behera nindoan». 

Irakurri erreportaje osoa berria.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!