«Jendeari ez daukat ezer demostratu beharrik»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Zubeldia 2016ko mai. 5a, 12:11
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Juan Martinez de Irujoren lesioak sartu du amezketarra buruz buruko lau pilotari onenen artean, baina Aspeko aurrelariak uste du azken bi urteotako bilakaeraren ondorioa dela fruitua.

«Izugarrizko garrantzia ematen diot partida hasierari. Ondo berotuta atera nahi dut kantxara, partidan sartuta». Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) erronka ederra dauka parez pare, Mikel Urrutikoetxea egungo txapeldunaren aurka ariko delako hilaren 14an, buruz buruko lehen finalerdian. «Galdu nahiz irabazi, nirea egin nahi dut».

Altuna III.ak eta Rezustak 22, Berasaluze II.ak eta Albisuk 9. Beroketa lanerako ez zen txarra izan herenegun Legazpin jokatutako partida, ezta?

Hamar egun joan dira Victorren aurka jokatu nuenetik, eta beste hamar daude finalerdirako. Egun asko ziren galtza zuriak jantzi gabe, eta komenigarria zen jokatzea. Entrenamendu ona izan zen.

Txisparekin eta jokoz oso bizi zaude. Eskumuturreko lesioak erabat ahaztuta dauden seinale.

Bai, bai. Ez daukat inolako arazorik. Gaizki zaudenean buruari bueltaka hasten zara beti, baina lanean jarraitu beharra dago. Dagoeneko ahaztuta dauzkat lesio kontuak, eta beste lasaitasun batekin ari naiz jokatzen.

Donostian nahi zenuen zuk finalerdia, eta Bilbon Urrutikoetxeak. Bere pilotariaren alde egin du Asegarcek...

Nik enpresari ez nion esan Donostian jokatu nahi nuenik, Bilbon ez nuela jokatu nahi baizik. Ez da oso bidezkoa. Pilotaleku neutral batean jokatzea eskaini zuen Aspek, baina ezetz erantzun zuen Asegarcek, Bilbon jokatu beharra zegoela. Alferrik da kontu horiei bueltaka hastea. Urrutikoetxeak Bilbon ez du irabazten pilotalekuagatik bakarrik, nahiz eta harentzat ona den Bizkaia frontoia. Gaur egungo pilotaririk onenetakoa da, eta oso erronka zaila daukat parean, baina saiatuko naiz gerra pixka bat ematen.

[Jarraitu irakurtzen]

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!