«Instituzioek euskara hautatzen dutenean irudi publikoaren hizkuntza nagusi gisa, mezu bikoitza bidaltzen diote gizarteari»

Erabiltzailearen aurpegia Ion Orzaiz 2016ko apirilaren 27a

Irudia: Zuzeu.eus

Alberto Barandiaran Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendariak «apustu sendoa» eskatu du publizitate instituzionala euskarazko hedabideetan sartzeko tenorean.

Gipuzkoako Diputazioak murriztu eginen du publizitate instituzionaleko diru saila. Horren barruan, euskarazko hedabideetako publizitatea erdira jaitsiko du: 568.702 eurotik 235.000 eurora. Erabakia «atzerapausoa» dela uste du Hekimen elkarteko zuzendari Alberto Barandiaranek (Altsasu, Nafarroa, 1964).

Zer iritzi duzu Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiaz?

Lehenik eta behin, informazio zehatza jaso nahi dugu, lehen eskukoa, eta horregatik, bilera eskatua diogu aldundiari. Egunotan argitaratu dena aintzat hartuta, badirudi iritzi aldaketa izan dela aurreko diputazioarekin alderatuta. Azken legealdian, garrantzi nabarmena izan zuen euskarak publizitate instituzionalaren esparruan. Publizitate gehiago egiten zen euskaraz gaztelaniaz baino. Eta oso positiboa zen hori. Kontuan izan behar dugu hau ez dela diru laguntza bat, hau publizitatea da; baliabide komertzial bat. Eta instituzio publiko batek euskara hautatzen duenean bere irudi publikoaren hizkuntza nagusi gisa, mezu bikoitza bidaltzen dio gizarteari: alde batetik, informazio publikoa euskaraz emateko borondatea adierazten du; eta bestetik, nabarmentzen du euskarazko hedabideak egokiak direla informazio hori zabaltzeko. Askotan, euskarazko hedabideen ikusezintasuna salatzen dugunean, honetaz ari gara, besteak beste: publizitatearen bidez ere lor baitaiteke gure hedabideen balioa eta garrantzia nabarmentzea.

«Hedabideen irismena» aipatzen du aldundiak publizitatea banatzeko irizpide gisa. Ados al zaude horrekin?

Irismena garrantzitsua da, kontuan hartu beharreko faktorea, zalantzarik gabe. Baina Gipuzkoa herrialde elebiduna da, eta herritar gehienek diote euskaldunak edo ia euskaldunak direla; alegia, euskara ulertzen dutela eta hizkuntzarekiko harreman ona dutela. Beraz, irismena bakarrik ez, beste faktore batzuk ere aintzat hartu beharko liratekeela uste dut. Euskarazko hedabideak Gipuzkoako lurralde guztietara iristen dira, eta harrera ona dute.

Eta, hala ere, publizitate instituzionalaren herena jasoko dute hemendik aurrera...

Zaila da gutxieneko kopuru bat adostea, baina argi izan behar dugu, ikerketa askoren arabera, euskarazko publizitatea eraginkorra dela, hartzaileengan enpatia sortzen duela, eta euskarazko hedabideen kontsumitzaileak oso fidelak direla. Gainera, apustu sendoa eginez gero, beste ondorio bat ere izan dezake: kanpainak euskaraz propio sortzeko aukera ematearena, alegia. Hizkuntza prestigiatzeko eta normaltzeko puntu gehigarri bat izan daiteke hori; gaur egun, euskaraz argitaratzen den publizitate guztia, berez, gaztelaniaz sortua baita.

[Jarraitu irakurtzen berria.eus-en]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!