Justiziak ez, ezingo lukeelako. Baina epaileek bai, argi bistan dituztelako begiak, eta ikusi dutelako, eta ez soilik, justizia gai dela injustizia sekulakoak egiteko. Itsu izatearen eta itsukeriaz jokatzearen aldea, eta justiziak begiak estaliak izatearen ajea.
Legearen eta Justiziaren erantzuna indarkeriaren aurrean. Denak balio al du? Galdera horri erantzuten saiatu ziren atzo hiru legelari, Tolosako udaletxeko areto nagusian, herri horretako Bizikidetza Foroan. Aspaldiko hiru ezagun: Jose Ricardo de Prada Solaesa Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea, Iñigo Iruin abokatua eta Carmen Lamarca Zigor Zuzenbidean katedraduna. Garbiñe Biurrunek gidatu zuen saioa, EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko presidenteak. Presoen auziak sortu zuen interesik handiena han bildu ziren berrehundik gora lagunen artean.
Hori konpontzeko, oraindik indarrean dauden «salbuespeneko» zenbait neurri eta interpretazio juridiko amaitu behar direla uste dute hiru legelariek, eta egoerari buruzko hausnarketa sakona egin behar dela, auzitegietatik hasita, bereziki Madrilen, Kolonbian bezala, hemen ere «konponbide prozesu batean gaudelako», De Pradak azpimarratu duenez. Auzitegi Nazionaleko magistratuak uste du justizia ezin dela «mendekuan» oinarritu, baina aitortu du euskal auziarekin lotutako kasuetan zigortutakoei ezarri dizkieten zigorrak «neurriz kanpokoak eta gainerakoekiko erabat desberdinak» izan direla.