Luis Astiazaran hil da

Erabiltzailearen aurpegia Jon Olano 2016ko urt. 26a, 14:02

Navajas txostenean azaleratu zen Luis Astiazaranen eta Guardia Zibileko Galindo koronelaren arteko harremana. Hura bahitzen saiatu zen ETA 1982an.

[Artikulu originala berria.eus webgunean argitaratu da]

"Ohiko kokaina banatzailea". Horrela deskribatzen zuen Luis Navajas Donostiako Auzitegiko fiskalak Luis Astiazaran Iraola 1989an, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuarteleko buruzagien eta droga trafikoaren arteko lotura aztertzeko txostenean. Maximo Blanco Lopez guardia zibilak barne salaketa baten bidez zehaztu zuenez, droga trafikoaren bidez lortutako diru hori ETAren aurkako jardunerako erabili zuten ondoren.

Astiazaran 74 urte zituela hil da, Oionen (Araba). Navajasen txostenak azaldu zuen Galindoren laguna zela. Txosten horrek, ordea, ibilbide laburra izan zuen; Navajasek Espainiako fiskalari eman zion, baina galdu egin zen gero. Hernialden zinegotzi izana da.

Fernando Andreu epaileak zeraman auzia, eta hark ontzat jo zuen Guardia Zibilak Navajasen txostenaren aurka eginiko agiria. Guardia Zibilaren dokumentuaren arabera —"kontrainforme" gisa ezagutu zena—, Galindok eten egin zuen Astiazaranekin zuen laguntasuna, hura legez kanpoko jardueretan zebilela jakin eta gero.

Guardia Zibilaren txosten horren arabera, Astiazaran "Guardia Zibilaren jarraitzaile izateaz harro ageri diren pertsona horietako bat" zen. Areago zihoan ordea Blanco Lopez polizia bere salaketan; "terrorismoaren aurkako borrokan" erabiltzeko, diru kopuru handiak eman ohi zizkien poliziei gutun azaletan eta poltsa beltzetan, Jose Antonio Santamaria eta Javier Narbarterekin batera.

Bahiketa saioa

1982ko uztailaren 7an, hura bahitzen saiatu zen ETA politiko militarra. Hernialdeko zinegotzia zen orduan, eta mehatxupean zuen ETAk. Emazteak ohartarazi zion zenbait lagun zeudela haren garajean, eta tiroka hasi zitzaien Astiazaran. Ihes egin zuten. Antonio Gabiola, Juan Carlos Lazertua eta Martin Izagirre espetxeratu zituzten gertaera horren harira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!