Notek batutako lagun taldea

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Arratibel 2015ko abe. 2a, 10:15
Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

Amasa-Villabonako musika eskolan helduei solfeo ikasketak ematen hasi zenean, Iñaki Salvador musika irakasleak nekez pentsa zezakeen horietako batzuk batu eta talde bat osatuko zutela; ezta ikasleek berek ere. Errealitate horrek, ordea, badu izena: Anakruxa. Sei urte inguru daramatzate oholtza gainean, lagun giroan musikaz gozatzen.

[Albiste honen jatorrizko bertsioa berria.eus atarian publikatu da eta CC lizentziei esker ekarri dugu ATARIAra]

Hasieran, bost lagunek abiatu zituzten solfeo eskolak. Baina pixkanaka jende gehiago animatuz joan zen, eta, eskolak amaitzean, instrumentua aukeratu zuen bakoitzak: gitarra, biolina, klarinetea, marinba... Denborarekin, gehiago sartu ziren: saxofoia, baxua, pianoa eta perkusioa, besteak beste. «Azken urteetan taldea egonkortua dago», azaldu du Salvadorrek.

Luisi Arregi pianistak nabarmendu du «ikaragarri aberasgarria» izan dela urte hauetako esperientzia. Instrumentua jotzen ikasteaz harago, prozesu guztia izan da «polita». Izan ere, askok uste dutenaren kontra, solfeoa ikasteko prozesuaz ere asko disfrutatu zuten. «Azken batean, denek genuen musika ikasteko interesa, eta bagenekien musikaren hizkuntza ere ikasi behar genuela horretarako, eta niri, behintzat, ez zitzaidan astuna egin. Oso hizkuntza ederra eta interesgarria da musikarena», berretsi du Carmen Txibite perkusio jotzaile eta ahotsak.

Guztiek dituzte beren lan eta familia eginkizunak, baina beti ateratzen dute entseatzeko tartea. «Nik uste dut ez zaigula batere kostatzen denbora hori ateratzea. Hainbeste gozatzen dugu musikarekin, ahaleginak merezi du», esan du Carmen Txibitek.

Astean behin entseatzen dute, eta, emanaldiren bat edukiz gero, saiatzen dira gehiago elkartzen. «Udalari eskatu diogu areto edo lokal bat uzteko, musika eskolan gelaz gela ibili behar izaten baitugu. Erotu egiten ditugu bertakoak», esan du Arregik. Oso talde diziplinatua dela azpimarratu du Salvadorrek. «Ikaragarrizko gogoa eta ilusioa dute, sentsibilitatea. Emanaldi bat edukiz gero, gai dira egunero beren kabuz elkartzeko. Niretzat oso pozgarria da horrelako talde saiatua edukitzea. Gainera, hobekuntza tarte handia dago. Hauekin dena da posible».

Beren artean dagoen elkar ulertzeari eman dio balioa Marijo Mendibil gitarra, baxu eta ahotsak. «Lehen, zerbait gaizki egiten bagenuen, blokeatu egiten ginen. Orain, beste modu batera hartzen dugu, eta hor gaude elkarri laguntzeko».

Errepertorioa denen artean aukeratzen dute. «Tematu ere egiten dira zenbaitetan kantu batzuekin», esan du txantxetan Salvadorrek. Azken hitza, dena den, berak du. «Ikusten dut musikalki posible den taldearentzat kanta hori jotzea». Erronkak gustuko dituztela berretsi du. «Gero eta kanta zailagoak jo nahi izaten dituzte».

Entseguekin gozatu arren, beste edozein taldek bezala, kontzertuak ematea dute gustuko. Pixkanaka, gero eta proposamen gehiago jasotzen ari dira. «Batez ere azken bi urteetan. Adibidez, Marijori [Mendibil] esker, Burgosko herri batean egon ginen jotzen». Kontzertuetako asko adinekoen egoitzetan eman dituzte. Salvadorrek gogora ekarri du kontzertu horietako batean izandako bizipen bat: «Ikusleen artean senar-emazte batzuk zeuden. Andreak denbora zeraman hitzik egin gabe. Guk kanta bat amaitzean, senarrari eskutik heldu eta keinu bat egin zion. Oso berezia izan zen». Etorkizunari begira, gainera, badituzte beren amets txikiak. Irri artean, taldekideek aipatu dute zein den Txibiterena: Guggenheim museoaren atarian jotzea: «Izugarri maite dut kalean jotzea, eta polita litzateke» .

Musikari eskertuta

Musikak, gainera, gauza asko ematen dizkiela gogorarazi du Mendibilek: «Sentsibilitatea, ilusioa, sozializatzeko gogoa...». Beste modu batera zahartzeko aukera ere ematen diela nabarmendu du Txibitek. Etxekoak dira, batez ere, horretaz jabetzen direnak. «Taldea ez uzteko esaten digute, zoriontsu gaudela ikusten dutelako. Musikak bizitasuna ematen digu». Musika ikasten hasi nahi duten helduei mezu baikorra bidali die Arregik. «Posible dela esango nieke, eta ez izateko beldurrik hasteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!