Hasiberrien ilusioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Arratibel 2015ko abe. 2a, 10:02

Felixitas Agirrezabalak eta Iñaki Arregik betidanik izan dute gustuko musika. Agirrezabalak tuna batean jo zuen gaztetan. «Abesbatzan ere kantatu nuen, eta orduan ikasi nuen solfeoa pixka bat. Gitarra ere jo nuen».

[Albiste honen jatorrizko bertsioa berria.eus atarian publikatu da eta CC lizentziei esker ekarri dugu ATARIAra]

Baina ia lau hamarkada eman zituen gerora musika jo gabe, harik eta duela sei urte erretiroa hartu eta berriro Tolosako (Gipuzkoa) Musika Eskolan izena eman zuen arte. «Betidanik barruan izan nuen har horri heldu nahi nion berriro». Solfeoko bi urteko ikasketak egin, eta eskusoinua jotzen hasi zen. «Nire ametsa bete nuen, betidanik izan bainuen gustuko eskusoinua. Haren soinuaren mina nuen. Lizartza ingurukoa izanda, oso ohikoa nuen Kaxiano hura jotzen entzutea. Ume garaietara eramaten ninduten doinu horiek, baita gaztarora ere».

Arregik ere eskusoinuaren aldeko hautua egin zuen. «Ez nuen uste lortuko nuenik. Pentsaezina iruditzen zitzaidan, solfeoa ikasi berritan, musika tresna bat jotzeko gai izango nintzenik. Are gutxiago nire adinean». Etxekoak zenbaitetan aspertu ere egin dituela esan du, umoretsu. «Baina ematen du pixkanaka hobetuz noala. Orain, bilobek, jotzen dudanean, gutxienez ez dute alde egiten. Dantzan aritzen dira, eta niretzat sekulako oparia da hori». Agirrezabala harago doa. «Besoan mina daukat, eta medikuari esan diot modu batera edo bestera konpondu behar didatela. Musika gabe ez naiz ezer. Minak eta arazoak ahazten zaizkit. Irakasleak, kasu askotan, psikologo lanak ere egiten ditu».

Eskusoinu talde txiki bat zena musika talde bihurtu da egun. Ostegunetan elkartzen dira entseatzeko. «Baten bat falta denean, ematen du zerbait falta dela», esan du Agirrezabalak.

Amaia Lizaso irakasleak emandako laguntzarekin oso eskertuta agertu dira. «Tuna garaian jotzen nituen kantuak egokitu zizkidan, eta horrek asko lagundu zidan beldurrak eta zalantzak alde batera utzi eta eskusoinua jotzen hasteko». Beti saiatzen dira abesti klasikoak jotzen, taldekide guztiek ezagutzen dituztenak. Orain, Ne me quitte pas ospetsuarekin ari dira. «Taldekideak eta irakasleak beti daude laguntzeko prest», eskertu du Arregik. Fisikoki eta mentalki aktibo egoten laguntzen diela gaineratu du. «Batzuk kiroldegira doazen bezala, gu hona etortzen gara».

Adinekoei irakatsiz, «gozatua»hartzen du Amaia Lizaso irakasleak. «Umeen aldean, gehiago kostatzen zaie ikastea, baina askoz interes eta dedikazio handiagoa dute». Kontzertuetatik harago «disfrutatzeko» entseatzen dutela nabarmendu du Lizasok. «Baina azken urtean ez gara geratu: kontzertuak bai eskolan, bai herrian; zaharren egoitzetarako bisitak; beste musika eskoletako taldeekin trukea... Aurtengo Olatu Talkan ere egon ginen, eta Donostia 2016ren barruan emanaldiren bat egitea espero dugu. Hasierako talde hura asko handitu da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!