Berastegi, lorategiz eta baratzez apaindua

Erabiltzailearen aurpegia Berastegiko udala 2015ko eka. 16a, 10:57

Berastegiko Udaleko kultura batzordeak, aurten ere Leiho, balkoi eta terraza txapelketa, Lorategi txapelketa eta Baratze txapelketa antolatu nahi ditu.

Parte hartu nahi duen orok aurrez izena eman beharko du eta, horretarako, bi aukera izango ditu: Udalaren 943 683000 telefonora deituz, edo udaletxeko harrera bulegoan bertan izena emanez. Izena emateko epea ekainaren 16tik ekainaren 30era izango da eta hauexek dira eman beharreko datuak:

1) Parte-hartzailearen izen-abizenak.
2) Helbidea.
3) Telefono-zenbaki bat.
4) Zein txapelketatara aurkezten den (bat, bi edo hirutara).
5) Eta Baratze txapelketan parte hartu nahi izanez gero, baratzea non kokatua dagoen adierazi beharko da.

Izen-ematea bukatu ondoren, goiz partean batzordekideok eta lorezaintza teknikari bat etxez etxe ibiliko gara puntuazio lanak egiten. Baratzeen kasuan, abuztu bukaeran edo irailaren hasieran barazki-teknikari batek egingo du balorazioa. Argazkiak aterako dira eta Berastegiko web-orrian izango dituzue ikusgai. Puntuazioa egiteko kontuan hartuko diren oinarriak kolorea eta landareen barietatea eta konbinaketa, estetika eta txukuntasuna izango dira.

Guztira bederatzi sari banatuko dira, modalitate bakoitzean hiru. Sari banaketak, leiho, balkoi, terraza eta lorategienak, Salontzotako herri-afarian egingo dira. Baratzearena, berriz, kultur astean, azoka egunean.

Lehengo urtean erabakitakoa gogoan hartuta, sariak ziklikoki banatuko dira ahalik eta partaide ezberdin gehien saritu ahal izateko, hau da, iazko garaileek aurten ez dute saririk jasotzerik izango, baina datorren urtean bai. 2013an saridun izan zirenek, berriz, aurten saria jasotzeko aukera izango dute.

Oharra: iazko parte hartze txikia ikusita, aurten 5 parte hartzaile beharko dira lehiaketa egin ahal zateko. Beraz, 5 parte hartzaile baino gutxiago baldin badaude txapelketa hori bertan behera geratuko da.

Besterik gabe, parte hartzera animatuko zaretelakoan, agur bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!