Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko 80 gaztetxo elkartuko dira, zesta puntaren inguruan elkarrekin asteburu eder bat pasatzeko. Campusak, ordea, oihartzun zabala izango du Tolosaldean. Izan ere, larunbat goizean elkartu eta, bazkalostean, lau pilotalekutan banatuko dira gaztetxoak, zesta puntaren inguruko teknifikazioa jasotzeko. Hala, Tolosa (Uzturpe pilotalekua), Belauntza eta Amasa-Villabonako pilotalekuetan banatuko dira, baita Andoaingo pilotalekuan ere. Urnietara bueltan, Iñaki Goikoetxea Goikopilotari ezagunaren bisita izango dute, eguna gaubeila ederrarekin amaitzeko.
Igandean, pilotari guztiek Tolosako Beotibar pilotalekua izango dute jomuga. 10:30etik aurrera, bertan elkartuko dira pilotari guztiak kiniela batzuk jokatu eta Alondegia plazan jolasak egiteko. 13:30ak aldera emango diote amaiera Campusari. Helburu garbia du Xistera Campusak: zesta punta biziberritu nahi bada, beharrezkoa da epe ertain-luzerako proiektu bat. Campusean parte hartuko duten gaztetxoak dira zesta puntaren etorkizuna. Eurak dira proiektua bera.
Beotibar Zesta Punta Elkarteak gogotsu parte hartuko du Campusean, bai elkarteko pilotariekin parte hartuz, eta baita antolakuntza lanetan ere. Horregatik, zesta puntaren inguruan interesa duen oro gonbidatu nahi dugu Beotibarrera. Munduan gehien hedatu den pilota jokamolderik azkarrena gertutik ezagutu, eta elkarteko ateak zabaldu nahi ditugu. Gonbita egina dago.