Bihar, larunbata, gizonezkoetan Gipuzkoako Txapelketako ohorezko mailan finalerdiak jokatuko dira, Behar Zana elkarteko Urbieta anaiak eta Tolosa Aurrerako Elola-Aizpuru artean. 11:30ean hasiko da jaialdia eta bigarren partida izango da. Lehenengoan, eskuz binaka ere eta nagusien 3. mailan, Behar Zana 1 bikoa (E. Aranburu-Jauregi) eta Otsabio 1 (Saralegi-Saralegi) ariko dira lehian.
Igandean, 11:00etan, emakumezkoen eskuz binakako Gipuzkoako Txapelketako 1. mailako partida izango da, Behar Zana elkarteko Larrarte eta Arrillaga bikoa eta Abantzu elkarteko Agirre-Mendizabal bikoaren artean. Behar Zanako Arrillaga Munduko Pilota Txapelketan txapeldunordea izan berri da frontball modalitatean.
Bestalde, eskuz binaka ere, partida garrantzitsua jokatuko du Behar Zana elkarteko Olasagasti eta Esnaola bikoak, gizonezkoen Gipuzkoako Txapelketako bigarren mailan. Oiarpe elkarteko Iriarte eta Ugalde izango dituzte aurkari, eta maila mantentzea dute jokoan. Partida hori gaur, ostirala, jokatuko dute, eta 17:30ean hasiko den jaialdiko bosgarrena izango da.
Hain justu, gaur arratsaldeko jaialdiaren lehen partida joko garbi modalitatekoa izango da. Kadete mailan, Iparraldeko Txapelketan, jokatuko dute Behar Zana elkarteko Aranburu-Garmendia bikoak eta Zubieta elkarteko Eraunzetamurgil-Furundarena bikoak.