Santio Pilota Txapelketa hasiko da datorren astean

Zortzi bikotez osatutako txapelketa izango da. Ekainaren 30ean hasiko da final-laurdenetako lehen jardunaldiarekin, eta uztailaren 11n izango da finala.

Azken urteetan Euskal Herri osoko 24 bikote ezberdinek parte hartu izan dute Santio Txapelketan, eta irabazleak Antton Pebet elite txapelketan parte hartzeko txartela irabazi ohi du.

Aurtengoan, ordea, Covid19ak sorturiko arazoengatik, eta ondorioz txapelketak antolatzeko dauden arau zorrotz eta ez oso malguengatik, txapelketa laburragoa antolatuko dugu 8 bikotez osatua izango dena. 8 bikoteak gipuzkoarrak izango dira, inguruko herrietako klubetako pilotariak hain zuzen.

Txapelketa ekainaren 30ean asteartez  hasiko da 18:30ean. Partidak Villabonako Bear Zana pilotalekuan jokatuko dira, eta egutegia honako hau izango da:

  • Final-laurdenak: ekainak 30 eta uztailak 2
  • Finalerdiak: uztailak 7
  • Finala: uztailak 11

Aurtengoan txapeldunek ez dute Gabonetan jokatzen den elite mailako Antton Pebet Oroimenezko Txapelketarako txartela eskuratuko.

Pilotalekuko eserleku kopurua mugatua izango da, eta osasun arauak bete beharko dira pilotalekura sartzeko. Pilotalekuko harreran sarrera mugatzen duen kartela egongo da eta kopuru horretara iristean ezingo da beste inor frontoira sartu.

Bestetik, Santio jaien barruan Behar Zanak antolatu ohi dituen beste 4 txapelketa antolatu gabe geratuko dira: frontenis txapelketa, eskuzko txapelketa herrikoia, pala gomazko txapelketa eta emakumeen pala txapelketa.

Hala ere, bertan behera geratu zen Emakumeen Txapelketa Azkarra uztailaren 18an jokatuko da. Behar Zanako emakumeekin jokatzen den txapelketa azkarra bertan behera geratu zen Covid19aren ondorioz eta berreskuratu egingo da uztailerako Villabonako pilota kartelera osatzeko asmoz.

Eta azkenik, uztailak 31n urteroko errebote partidua ere jokatuko da. San Inazio eguneko partida ez du galdu nahi Behar Zana elkarteak eta aurtengoa Hazparneren aurka jokatzen 91. aldia izango da. Egun horretarako ere, plaza guztiz itxiko litzateke, eserleku kopurua neurtu eta ikusleak eserita egon beharko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!