Aurtengoak eman behar zuena eman du. 2017. urtean Antton Pebet memorialeko bi final ikusi dira. Lehena, urtarrilaren 7an eta bigarrena abenduaren 30ean. Horrela suertatu da. Urte borobila izan da.
Pilotalekua, goietaraino betea egon da pilota gosez ziren pilotazaleekin; abendua izateko, eguraldi epela zen kantxan eta pilotariak lana egiteko irrikaz. Ez dago gehiago eskatzerik. Aurkezle lanetan Igotz Alkorta Euskadi Irratiko esataria aritu da eta txistua jotzen Aitor Landa.
Finaleko jaialdia, joko garbi elite mailako nagusien arteko partida ezin bikainago batek ireki du. Behar Zana elkarte antolatzaileak duen pilota eskolan, esku pilota eta palaz gain, egunerokotasunean lantzen duen pilota arloa da berau, eta gaurkoan, Euskal Herri osotik etorri diren pilotazaleei erakuitsi nahi izan zaie.
Partida azkarra, polita eta maisutasunez beterikoa eskaini dute Sistiague, Carricaburu, Driolet eta De Paredesek. Partida, lehen biek irabazi dute 35-29ko emaitzaz, eta pilotari onenaren saria Sistiagueri eman zaio. Baina emaitza, gutxienekoa izan da gaurkoan, izan ere, begiak itxi gabe gozatzeko partida eskaini baitute.
Eta VI. Antton Pebet Memorialari dagokionez, txapelak Agiñara eta Asteasura joan dira. Aranguren eta Urbietak irabazi dituzte txapel preziatuak. Arrieta eta Zezeagak 11 tanto besterik ezin izan dituzte egin gaurkoan. Arangururenen bigarren txapela da Villabonako Behar Zanak antolatzen duen txapelketa honetan. Urbietak berriz, bere palmaresa gizendu du. Pilotari onenaren saria Urbieta berari eman zaio, dena den, zalantza handiak izan dira laukoteko bikainena nor izan den erabakitzeko.
Partida osoan zehar, Urbieta eta Aranguren gehiago izan dira. Arangurenek, Bergarako Zezeagaren pilota zartak ongi eusten zituen, baita askotan tantoa dominatu ere. Urbietak, lagunaren joko ona probestu eta tanto bikainak egin ditu aurrean, gantxoz batez ere. Erasoan zein defentsan, oso ongi moldatu da. Arrieta hernaniarrak, tanto eder bakan batzuk egin dituen arren, ez du bere egun onena izan. Lau pilotariek duten klasea erakutsi dute eta beren dohaien isla pilotakada ederrak jo dituzte.
SISTIAGUE-CARRICABURU 35
DRIOLET-DE PAREDES 29
ONENA: SISTIAGUE
URBIETA-ARANGUREN 22
ARRIETA-ZEZEAGA 11
ONENA: URBIETA
Partida amaitu ostean, omenaldi xumea egin zaio Eneko Maiz elkarteko pilotariari. Orain gutxi 22 urtez azpiko munduko txapelketan bigarren geratu da eta oroigarri bat eman zaio elkartearen izenean. Jarraian, sariak banatu dira. Trofeo eta txapelez gain, Urdaira, Zabala eta Aburuza sagardotegiek eskainitako sagardo kaxa bana eraman du pilotari bakoitzak. Gainera, Roscok eskainitako iberiar urdaiazpiko eta xolomoa izan dute sari esku pilotariek. Eizmendi Kirol dendan xahutzeko diru-balearekin bale bana ere irabazi dute eta diru sari garrantzitsuak jaso dituzte jaialdiko pilotari guztiek. Sariak ematen, Behar Zana elkarteko lehendakari Kiko Merino, Villabonako alkate Maite Izagirre, Oria merkatari elkartearen izenean Kali Labezain, Iñaki Otaegi Behar Zanako errebote arduraduna, Iñaki Lizaso Antton Pebet memorialeko antolatzaile eta Behar Zana pilota taldeko arduraduna eta Antton Pebet zenaren Jean Leon eta Angie gurasoak izan dira.
Antolakuntzak eskerrik handienak eman nahi izan dizkio beren laguntza era betara edo bestera eskaintzen duten babesle guztiei. Datorren urtean ospatuko den VII. edizioaren zai geratu gara. URTE BERRI ON