Antton Pebet txapelketa, finalerdietara begira

Joan den asteburuan, ostiral eta larunbat arratsaldez jokatu ziren Villabonako Bearzana pilotalekuan Antton Pebet Memorialeko final laurdenetako partidei amaiera emateko geratzen ziren norgehiagokak.

Ostiralean gazteen mailan, Zubizarreta eta Mariezkurrenak, Exposito eta Zezeagaren aurka jokatu zuten. Zezeagaren joko ikusgarriak ez zuen merezi adinako fruiturik eman. Zubizarreta eta Mariezkurrena nagusitu ziren 22 eta 19. Nagusien mailan, Larrañaga eta Lizeaga, Santxo eta Garmendiaren aurka aritu ziren. Partida eroa jokatu zuten, parekatua, borrokatua. 22 eta 21 bukatu zen Santxo eta Garmendiaren alde. Hauek baino opari gehiago egin zituen Larrañaga-Lizeaga bikoteak eta partidako gako handienetako bat hor egon zen.

Larunbatean, gazteen mailako partidak sendotasuna eta emozioa falta izan zituen. Elola-Gaskue bikoteak nahiz eta hasierako tantoetan ongi eutsi partidari, ezin izan zioten Alberdi eta Eskirozen jokoari hutsunerik atera. Azkenean, 22-10 amaitu zen. Nagusien mailan, eskumuturreko arazo bat medio, Eneko Labakak ezin izan zuen partida jokatu eta Xabi Urbieta asteasuarrak ordezkatu zuen. Denbora luzez geldi egon ondoren, bere jokoa errekuperatzen ari da, eta partida txukuna jokatu zuen. Telletxeak, bere bikoteak, ohi baino pilota gehiago galdu zuen, eta Arrieta-Azpitarte hernaniarrak ez zeuden barkatzeko. Azkenean emaitza 22-19 hernaniarren alde.

Finalerdiak, hilaren 30 eta 31n

Urtearen hondarrean jokatuko dira finalaurrekoetako partidak. 30ean, Riol-Aranguren eta Anso-Aizpuru, eta Urretabizkaia-Santxez eta Prado- Etchegoin arteko partidak jokatuko dira. Abenduaren 31n berriz, Zubizarreta-Mariezkurrena eta Alberdi-Eskiroz, eta Santxo-Garmendia eta Arrieta-Azpitarte partidak jokatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!