JUBENILETAN LABAKA ETA NAGUSI MAILAN URBIETA NABARMENDU ZIREN.
Pasa den larunbatean Villabonako Bear Zana Pilotalekuan jokatutako partidetan, txapela irabazteko hautagai sendoak nortzuk diren ederki ikusi ahal izan zuten bertara gerturatutako pilotazaleek.
Nahiz eta tenperatura hotza izan, hiru partidetan zehar giroa berotzeko moduko tanto ederrak ikusi ahal izan ziren.
Lehen partidan, Irazustabarrena eta Aizpitartek kadeteek 22 eta 12 irabazi zuten Matxain eta Alberdiren aurka. Aizpururen hutsunea Donostiko Alberdik bete zuen. Bere aurrelari Matxain ederki saiatu bazen ere, Irazustabarrena eta Aizpitarte askoz gehiago izan ziren kantxan. Kolpe indartsuagoa, eta tantoak amaitzerako garaian erraztasun gehiago aurkitu zituen aurrelari alegiarrak. Atzean, Aizpitarte atzelari ezkertiarra nagusitu zen Alberdiren aurrean, uneoro bere bizkarra erakutsiz eduki baitzuen.
Jubenil mailako eta jaialdiko bigarren norgehiagokan, herrian eta bailaran ezagunak eta une honetan Euskal Herri mailan ikus daitezkeen bi pilotari onenetakoak izan genituen kantxan. Labaka eta Erasun Zizurkildarrek, erraz 22-8 emaitzarekin irabazi zuten Alcasena baigorriarrari eta Mateo Lizarrararri.
Jon Erasunek, atzean Mateok baino sendotasun edo segurantzia handiagoa erakutsi zuen. Mateok pilotakada ikusgarriak jo eta bi esku libre ederrak nabarmendu bazituen ere, ez zuen Erasun dominatzeko aukerarik izan.
Horrek, Peru Labakaren errematerako aukerak handitu eta honek, arratsaldeko tantorik ederrenetakoak egin zituen. Boleak, gantxoak, dejadak...ez zitzaion ezer falta izan. Alcasenak, gogoa eta kemena jarri bazuen ere, koxka bat beherago dagoela nabarmendu zen. Bikote Zizurkildarak joko maila hori erakutsiz, finalera sailkatzeko aukerak izango dituzte
Nagusi mailan, hirugarren eta azken partidan, Xabi urbietak eta Iturriagak ia emaitza berarekin eta joko maila oso altuarekin ongi irabazi zuten Arrieta-Aizpitarte bikote Hernaniarraren aurka. 22-9 irabazi zuten eta diferentzia handiagoa izan zitekeen azken txanpan Arrietak egindako tanto sortari esker izan ez balitz.
Xabi Urbietak, joko maila ikusgarrian dagoela erakutsi zuen beste behin ere. Etengabe, profesionaletarako atea joka dabilen pilotaria dela argi erakutsi zuen. Kolpe biziarekin, konfiantzaz tanto ederrak egin zituen. Atzean, Iturriaga Sartagudako pilotariak atzean izan zuen uneoro Aizpitarte Hernaniarra. Nahiz eta saiatu, altura emanez pilota oso atzean jartzen zuen uneoro sartagudakoak eta Arrieta ia partida osoan zehar defentsan aritu behar izan zuen.
Larunbatean, jaialdiro bezala saski eder baten zozketa egin zen eta irabazleak Iñaki Harategiak eskainitako Arkume erdi bat, bi txuleta eta Urdaira sagardotegiko sagardo kaxa bat eraman zituen etxera.
Datozen partidak, abenduak 20an, ostiralez arratsean eta larunbatean Santo Tomas egunean goizez eta igandean goizean ere izango dira.