Harmailetatik: Beñat Azaldegi

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Azaldegi 2015eko martxoaren 25a

Txikitan ikaragarri gustatzen zitzaidan ‘Aralarren’ partidak ikustera joatea. Kiroldegi zaharrak xarma berezia zuen, eta harmailetako petrillean eserita, hainbat partida eder ikusteko aukera izan genuen tolosar gazteok.

Jokalariak idolo txikitzat hartzen genituen, eta denak saskibaloian jokatzen artistak zirela erakusten bazuten ere, gogoan dut 13 zenbakiarekin jokatzen zuen 2 metroko gazte, haundi eta gihartsu hori nuela taldeko gogokoena, osaba Kikeren (Tolosako Steve Nash) baimenarekin, noski. Inbidia, harrotasun eta miresmen nahasketa batekin begiratu nituen, harmailetatik, TAKEtar haien ibilera eta lorpenak.

Aurten, Usabalgo kiroldegitik urrunxeago, garai hartako sentipen berberak bizitu izan ditut nire taldearen ibilerak jarraitu ditudanean. Inbidia oso sarritan sentitu dudan zerbait izan da (20 minutu eskaileretan bueltaka ibili behar ez zen guztietan) baina bigarren planoan geratu da, miresmena eta harrotasuna izan baitira aurten etengabe sentitu ditudanak. Oso handia da egiten ari zaretena eta helburua lortzeko azken saltotxoa ematea besterik ez zaizue falta.

Hortzak estutu eta Estelari irabazita (Yankees go home!), Usabalen urteko lan bikaina borobiltzeko aukera ederra duzue larunbatean. Dudarik ez dut aukera ederki aprobetxatuko duzuela. Besarkada bat jokalari, zaletu eta TAKE unibertsoa osatzen duzuen guztiontzat!

Eutsi goiari! 1,2,3, TAKE!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!