Martinek baserriz baserri ibiltzea gustuko zuen, baserritarrekin egon eta eduki genitzakeen arazoak ikertu eta irtenbide bat ematen saiatuko zen. Baratzezaintza zen bere arloa.
Garai batean, estatuko nekazaritza ministerioko ikerketa zerbitzukoa zen, baserritarrok Extensión agraria bezala ezagutzen genuen. Ondoren berriz, Eusko Jaurlaritzakoa izatera pasa zen.
Eta ttirriki ttarraka, Martinek nekazarien artean bere arrastoa utzi zuen, Google-en bere izena jartzea nahikoa da, berak utzitako lan batzuk ikusi ahal izateko.
Tolosako Babarrunarekin egin zuen lanagatik gogoratuko dugu guk. Han eta hemendik, baserri ezberdinetatik, 120 babarrun ezberdin bildu zituen. Denak beltzak, handiagoak batzuk, txikiagoak besteak, borobilak, luzexkak… oso antzekoak batzuk eta erabat ezberdinak besteak.
Martinek, babarrun guzti hauek sailkatu zituen, landatu eta aztertu. Besteak beste, Hernialdeko Patxi Imaz eta Elduko Txomin Irazustaren laguntza izan zuen. Dastaketak berriz, Roberto Ruizen Frontoi jatetxean egin genituen, gaur egun dabilzkigun bi babarrun motak aukeratu ziren arte. Tolosakoa txiki eta Tolosakoa handi izendatu ziren.
Baino Martin ez dugu bere lanagatik soilik gogoratuko. Martin pertsona ona zen, lagunkoia eta umoretsua, napar peto petoa, bere mala ostia eta guzti (behar den bezala).
Arrazoi ezberdinengatik, erabaki politikoak tarteko, gure bideak banandu egin ziren. Horrek ez du esan nahi ahaztua genuenik. Hitz hauen bitartez, gure omenaldi xumea eskaini nahi diogu. Familiari berriz, doluminak eman.
Agur Martin, beti gogoan izango zaitugu.
Xabier Goikoetxea- TOLOSAKO BABARRUNA ELKARTEA