Aurrera Alegia taldeak, «Alegiako herritarren beharrei» erantzunez osatuko du hauteskundeetarako programa. Proposamenak, batez ere, osasun etxeari eta Frankoni eremuari irtenbide bat ematera bideratu dituzte.
Azken lau urteetan oposizioan aritu da taldea, eta aurkezpenean azaldu dutenez, aurkeztu dituzten proiektuak gobernuko hainbat sailekin landu dituzte azken hilabeteetan. Hala, anbulatorioari dagokionez, Uraren Euskal Agentziarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin bilerak egin dituzte «proposamen sendo bat» definitzeko, «egungo eraikina eraberritzeko, beste solairu bat gehituz, errepiderantz zabalduz eta igogailua jarriz». Proiektu horrek Osasun Sailaren oniritzia duela esan zuten, eta finantzatzeko konpromisoa hartu duela.
Beste ardatz nagusi bat Franconi eremua da. Esan dutenez, gaur egun eremuak duen uholde arriskuari aurre egiteko «irtenbidea» aurkitu dute, URA agentziarekin koordinatuta: «Zubia zabaldu eta pixka bat igoko da».
Aurrera Alegiak beste puntu batzuk ere nabarmendu ditu. Alde batetik, egungo bi parkeak eraldatzeko, Alegiako gizarte eragile guztiek parte hartuko luketen parte hartze prozesu bat martxan jarri nahi dute. Prozesu horrek bi eginkizun izango lituzke: berdintasuna eta bizikidetza lantzea.
Kirolari dagokionez, futbol zelaian harmailak estaliak jartzea bultzatu nahi dute, eta gimnasioa, dutxak eta komunak eraberritzea, «hondatuta daudelako eta premiazko konponketa behar dutelako».
Bestalde, «kontziliazioa sustatzeko», 16 urte arteko umeentzako aisialdi eskaintza bultzatu nahi dute. «Alegiak, gaur egun, 2 eta 12 urte bitarteko 179 haur ditu eta 12 eta 16 urte bitarteko ia 100 gazte doaz institutura».
Aisialdiarekin jarraituz, futbol zelaiaren eta Frankoniren artean dagoen Kaolin bidea izeneko eremua egokitzeko asmoa ere badutela adierazi dute. Sastrakak kendu, garbitu eta mahai batzuk jarri nahi dituzte ondoren, lekua askaldegi bihurtzeko.