Uda gozatzeko garaia izan beharko litzateke. Argi gehiago, aisialdi denbora gehiago, kalean eta ingurune naturalean denbora pasatzeko aukera gehiago... Hala ere, jende askorentzat gorputzak protagonismo handiagoa hartzen duen garaia da. Arropa arindu egiten da, igerilekua zain dago, eta bat-batean zaurgarri sentitzen da norbera.
Beroarekin iristen den presioa
Ez da kasualitatea pertsona askok ondoez hori orain sentitzea. Hilabeteak daramatzagu behin eta berriz errepikatutako mezu bat entzuten: udarara «gorputz jakin batekin» iritsi behar garela, alegia. Bikini operazioa, aste gutxitan emaitzak agintzen dituzten dietak, ekaina baino lehen «sasoian jartzeko» planak. Horrek guztiak, ia ohartu gabe, oinarrian nahiko kaltegarria den ideia transmititzen du; hau da, gorputza erakutsi aurretik konpondu beharreko proiektua dela.
Horri sare sozialak gehitzen badizkiogu, egoera are korapilatsuagoa bihurtzen da. Pantailan hatza mugitzen dugun bakoitzean gorputz editatuak, posean eta argi hoberenarekin, momentu zehatzean ateratako argazkiak topatzen ditugu. Azkar alderatzen ditugu gurearekin. Konparazio horrek guregan dugun konfiantza txikiagotzera eramaten gaitu.
Sesioetan askotan entzun izan ohi ditut hondartzara joatea atzeratzen duten pertsonak, beroa egin arren arropa motzari uko egiten diotenak eta udararako gorputza prest ez dagoela sentitzen duten pertsonak.
Gorputza: zuzendu beharreko zerbait balitz bezala bizitzen denean
Horren guztiaren atzean, norberaren gorputzarekin erlazionatzeko modu zehatza dago, hots, gorputzarekin etengabeko zuzenketa-lan batean ariko bagina bezala bizitzea.
Exijentziazko harreman horrek ahuldu egiten gaitu. Uneoro norberak bere burua nola ikusten duen, besteek zer pentsatuko ote duten, pose zehatz horrek zerbait ezkutatzen ote duen edo arropa horrek gehiegi markatzen ote duen adi egotean, energia handia xahutzen dugu. Gainera, okerrena da oso gutxitan lortzen dugula ondo sentitzea; izan ere, gure exijentzia handituz joan ohi da, eta ez gara inoiz guztiz eroso sentitzera iristen.
Sentipen horiek ez dira hutsetik sortzen. Urte luzez jaso ditugun mezuek ere badute horretan eragina.
Onartzea ez da beti gustatu behar izatea
Ohikoa den gaizki-ulertu bat argitu nahiko nuke. Gorputzaren onarpenaz hitz egiten denean, jende askok norberaren gorputzeko atal guztiak uneoro maitatu behar dituela ulertzen du. Eta orduan, arrazoiz, «niri hori ez zait ateratzen» pentsatzen dute.
Gorputza onartzeak ez du esan nahi dena zoragarri iruditu behar zaigunik. Aldiz, hura gorrotatzeari uztea esan nahi du. Ispilura begiratu eta zeure buruari irain bat botatzearen, edo ispilura begiratu eta, besterik gabe, zure egunarekin jarraitzearen arteko aldea litzake.
Bereizketa hori egitea garrantzitsua da; izan ere, horrek presio gehigarri batetik askatuko baikaitu. Hau da, ez duzu zertan zure gorputza adoratu, harekin borrokatzen uzten saia zaitezke lehenengo.
Gorputza ez da erakusteko bakarrik; bizitzeko balio du
Batzuetan ahaztu egiten zaigu gorputza ez dela uneoro begiratu behar den zerbait, bizitzeko erabiltzen dugun zerbait baizik. Ideia hori berreskuratzeak, gauzak zeharo aldatzen ditu.
Zure gorputzari esker sartzen zara itsasoan eta lehen bainuaren hotza sentitzen duzu; ilunabarrean paseatzen zara beroa baretu denean; maite duzun norbait besarkatzen duzu; barre egiten duzu sabela minberatu arte... Uda polita egiten duten esperientzia horietako asko, gorputzaren bidez bizi dira. Eta duzun neurria duzula gertatzen dira.
Harreman atseginago bat, pausoz pauso
Ez dago bide bakarra gure gorputzarekin harreman hobea lortzeko. Baina, denborarekin, hain zorrotza izan daitekeen harremana hobetzeko, aldaketa txikiak egon badaude.
Horietako bat geure buruari gogortasun gutxiagorekin hitz egitea da. Geure burua nola tratazen dugun aztertu eta mespretxua modu automatikoan agertzen denean, maite dugun norbaiti hitz egingo geniokeen bezala erantzuten saiatzea da. Beste bat arropa erosotasunagatik aukeratzea izango litzateke, ez geure burua ezkutatzeko, gustatzen zaiguna eta eroso gaudenarekin janztea baizik. Besteekin gutxiago konparatzeak ere laguntzen du. Horretarako, sareetan zein bizitza errealean besteen gorputzei begira denbora gutxiago pasatzea gomendatzen dut.
Azken batean, zaintzea da hitz gakoa. Benetan zaintzea ez da norberaren gorputzarekiko gorrototik sortzen, errespetutik baizik.
Uda gozatu dezakezu gorputz perfektuki «inperfektua» izanda. Ez da beharrezkoa aldatu arte, argaldu arte edo «azkenean prest» egon arte itxarotea. Itxaronaldi hori, askotan, ez baita inoiz amaituko, eta bitartean uda eta bizitza pasatu egiten dira. Zure gorputza ez da bizitzeko eskubidea izateko ordaindu behar duzun bidesaria. Bizi zaren lekua da, besterik gabe. Eta hori nahikoa da uretan sartzeko.