Borrak: ate joka, azal joka

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe

Borra kolpeka, ostikoka eta taserra erabiliz hil zuten Santurtziko udaltzainek Ander. Inork ez du gertatutakoaren gaineko inongo erantzukizunik hartu. Kontrara, frogak ezkutatu zituzten, eta iragarri berri dute EAJk berriro proposatuko duela egungo alkatea datozen hauteskundeetarako alkategai modura.

Borrek ere atea jo, berau bota eta barruan dagoena kale gorrian utz zaitzakete. Sona handia hartu du Mari Carmen, 87 urteko emakume ezindua, Madrilen etxegabetu zutenaren kasuak. Baina ez dugu urrutira joan behar, halako kasuak gurean ere baditugu eta. Galde diezaietela bestela Pasaiako portuko eraikinetik bota zituzten adineko guztiei edota Donostian Herreran aterperik gabe utzitako 30 pertsonei. Izan ere, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak argitaratutako datuek Hego Euskal Herrian egunean bataz beste 3,6 etxegabetze ematen direla erakusten dute. Horietako gehienak, ordea, isilpean gauzatzen dituzte, inork hautsak harrotu ez ditzan.

Bortizkeriarekin jarraituz, Ceutan migratzaileak erasotzeko eragindako suteen txinpartak honaino iritsi zaizkigu. Izugarrizkoak dira migratzaileen aurka ematen ari diren eraso, deshumanizazio eta kriminalizazio kanpainak. Bada, migratzaileen aurkako ehiza hemen ere gertatzen ari da. Hil honen hasieran, esaterako, Donostian etorkin bati aire-arma batekin eraso zioten.

Batek pentsa dezake eskuetatik joandako kasu bakanak direla, ez dutela gizartea bere horretan islatzen. Baina isolatu izatetik urrun, biolentzia horrek guztiak baditu erantzuleak eta baita egiturazko arrazoiak ere. Krisi garaiak ari gara bizitzen. Horrek eragindako desegonkortasunak herritarren ezinegona areagotzen duenez, estatu-aparatuek biolentziarako geroz eta joera handiagoa hartzen dute, jendea haien kontrolpean mantentzeko. Horri deritzogu estatuen autoritarismoaren gorakada.

 

«Izugarrizkoak dira migratzaileen aurka ematen ari diren eraso, deshumanizazio eta kriminalizazio kanpainak. Bada, migratzaileen aurkako ehiza hemen ere gertatzen ari da»

Hori gutxi balitz, kolektibo zaurgarrien aurka gorrotoa eta bortizkeria zabaltzen ari diren faxistei aurre egitea garesti ateratzen da. Ikaragarria da mugimendu antifaxistaren aurka abiatutako polizia-operatiboen dimentsioa. Esate baterako, orain gutxi Iruñean 8 antifaxista atxilotu zituzten Berriozarren Nucleo Nacional talde faxistako kide bati aurre egiteagatik. Eta nola ez, faxistek inpunitate osoa dute, migratzaileei, homosexualei edota transei jipoiak eman eta inongo kargurik gabe geratzen dira.

Gertatzen ari dena oso larria da eta ezin dugu beste alde batera begira geratu. Faxismoari kalean erantzun behar diogu, ezin diogu arnasbiderik utzi. Eta ez, ahoa faxistak gorrotatzen bete eta gero benetan haiei aurre egiten dietenak kriminalizatzeak ez du balio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!