Eskubide zibil eta politikoen defentsa, gaur inoiz baino beharrezkoagoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe 2026ko ekainaren 19a

Azken asteotan Palestinara bidaia abiatu zuen Global Sumud Flotillak Euskal Herrira iritsitakoan jaso zuen ongietorri bortitzak eztabaidaz bete du gure ingurua, eta baita albistegiak ere. Hala ere, maiatzaren 23an Ertzaintzak emandako borrakadak ez dira tamalez azkenaldiko errepresio kasu bakarrak. Horregatik, beharrezkoa da gogora ekartzea Iker Arana, Amaia Zabarte, Aritz Ibarra edo gertuen izan genuen Xuhar Pazosen kasua.

Izen eta abizenez ezagunak diren kasuez gain ere, beste hainbat errepresio kasu jasaten ditugu Euskal Herrian, sistema kapitalistaren bidegabekeriei aurre egiteagatik zigortuak direnak. Errepresio eta jardun polizial horren atzean daude Eusko Jaurlaritza eta Barne sailburua, eta horiek etengabe herri mugimendua kriminalizatu eta poliziaren gehiegikeriak zuritzen dihardute.

Gutako bakoitzak jasaten ditu sistema honek ezarritako injustiziak, eta ez gara gutxi zapalkuntza horren aurka antolatzen garenak. Borroka honen lehen lerroan daude inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren alde lan egiten duen herri mugimenduko eragile desberdinak, eta horiek errepresio gogorra eta kriminalizazioa jasaten dute etengabe. 

«Mobilizazio eskubidea jopuntuan jartzen dute, eta gaur egungo sistema kapitalistaren injustiziak areagotzen ari diren honetan, gure tresna baliagarriena da mobilizazio»

Gainera, azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritza eta Barne sailburuak gogortu egin dute eragile horien kontrako kanpaina, eta justifikaezina justifikatzeraino iritsi dira, Flotillakoekin gertatutakoa izanik horren adibide garbienetako bat. Ekintza onartezin horiek ezkutatzeko, beraien estrategia poliziaren aurkako kanpaina bat dagoela argumentatzea izan da, baina albisteak ikusten dituen edonork ikus dezake polizia eta Eusko Jaurlaritza direla herri mugimendua ezabatzeko mugimenduak egiten dabiltzanak.

Hala ere, argi izan behar dugu eragileen aurkako kanpaina hori eskubide sozial eta politikoen aurkako kanpaina bat dela. Izan ere, Eusko Jaurlaritza eta Barne sailburuaren ekintzek mobilizazio eskubidea jopuntuan jartzen dute, eta gaur egungo sistema kapitalistaren injustiziak areagotzen ari diren honetan, gure tresna baliagarriena da mobilizazioa. Inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria eraiki nahi dugunontzat ezinbestekoa da eskubide politiko eta zibilen garrantzia azpimarratu eta horiek defendatzea, horiek izan ezean ezinezkoa izango baitugu borrokan jarraitzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!