Elkartasuna saretzeko unea dugu

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe 2026ko apirilaren 24a

Bonbak zeruan ala herrialdeak itotzeraino eramaten dituzten blokeoak. Inperialismoak haren botere kontrola mantentzeko ez du zalantzarik egiten edozein indarkeria mota erabiltzeko. Iranen, Libanon, Palestinan, Venezuelan, Kuban… heriotza, terrorea eta miseria zabaltzen dihardute inongo erreparorik gabe.

Fokua Kuban jarrita, inperialismo yankiak Kubaren aurka azken urteetan biziagotu duen blokeoak herrialdea egoera larrian jarri du. Itzalaldiak eta erregaiaren eskasia ohiko errealitate bilakatu dira bertan. Horren eraginez, eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari zaizkie: garraioa, elikagaiak zein ura eskuratzeko aukera, osasungintza, hezkuntza eta abar. Hori gutxi ez eta interbentzio militar baterako mehatxupean bizi dira. Are gehiago, Pentagonoak balizko eraso armatu baterako direktibak aktibatu berri dituen honetan.

AEBen blokeoak, Kubaren aurka ezarritako politika isolazionista eta kriminalaren eraginez Sobietar Batasuna desegin arte nabarmen gutxitu zituen bloke sozialistaren babesak. Baina egun inoiz baino bakartuago aurkitzen da Karibeko irla. Gainera, zinez paradoxikoa den arren, Trumpen gobernuak Kuba terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendan sartu zuen. Baina nola liteke mundu osoan gerra, izua eta zapalkuntza zabaltzen ari den potentzia inperialistak halako akusazioak egitea?

Izan ere, Kuba elkartasunaren, askatasunaren eta duintasunaren erreferentea da. Esaterako, Hego Ameriketako eta Afrikako hamaika txoko mediku-brigadaz edo gerrillariz hornitu zituen elkartasun internazionalista praktikan jarriz. Horrela Hegoafrikako apartheidarekin amaitzeko ezinbesteko laguntza emanez.

«Orain, berriz, guri dagokigu Kuba jasaten ari den blokeo inperialista salatzeaz gain, haiekiko elkartasuna praktikan jartzea»

Orain, berriz, guri dagokigu Kuba jasaten ari den blokeo inperialista salatzeaz gain, haiekiko elkartasuna praktikan jartzea. Bide horretan, aukera ezin hobea dugu IASek, EHKSek eta Euskadi-Kuba elkarteak elkarlanean antolatu dituzten elkartasun bilketetan ekarpena egiteko. Hilaren 25ean oinarrizko produktuak jasoko dituzte Euskal Herri guztian zehar, eta tartean eskualdeko 7 herritan. Beraz, zeuk ere ekarpena egin dezakezu laguntza bidaliz. Baina horretara mugatu ordez, ezinbestekoa da inperialismoaren aurpegi guztiak salatzen jarraitzea mundu guztian. Horretarako, beharrezkoa da langileon interesen alde eta unibertsalismoaren arabera jardungo duten agente politikoak eraikitzeko aurrerapausoak ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!