Gazteon artean bada esperantzarik

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe 2026ko otsailaren 20a

Urtarrilaren 31ko faxismoaren aurkako manifestazioaren une bat. GKS

Ideologia atzerakoiak eta faxismoa gure gizartean geroz eta leku gehiago irabazten ari dira. Fenomeno hau moda puntual bat izatetik urrun, gaur egun bizitzen ari garen krisi testuinguruarekin harremana du. Orain arte bizi-maila erosoa zuten horiek krisialdiaren ondorioz kolokan ikusten dute beraien erosotasuna. Horren aurrean, goitik zapaltzen dituztenei erreparatu beharrean, azpikoarekiko mesfidantza areagotu eta horien gain jartzen dute arazoaren erroa.

Orain arte eroso antzera bizi ziren horien seme-alaben artean, egoera okertzearen ondorioz, frustrazioa hedatu da eta beraien amorrua adierazteko bide gisa faxismoaren diskurtso «erradikala» erosi dute. Hala ere, ezin dugu fokua soilik gazte belaunaldietara mugatu, gizarteko txoko guztietara hedatu baitira eskuin muturreko influencerek zein bozeramaileek zabaldutako mezuak. Nahiz eta pertsonaia publiko hauek beraien iritzi «pertsonala» eman, ezin dugu ahaztu alderdi ultraeskuindarrek finantzatzen zein sostengatzen dituztela pertsonaia hauek, Vito Quilesen kasua, adibidez. 

Kezkagarria da belaunaldi gazteek ideia atzerakoiak jarraitzea eta desmobilizazioa nagusitzea haien artean. Haatik, bada egoera horretaz kontziente den eta horri aurre egiteko egunez egun lanean diharduenik ere. Urtarrilaren 31n GKSk —Gazte Koordinadora Sozialistak— faxismoari eta estatuaren autoritarismoari aurre egiteko deitutako mobilizazioetan Iruñea eta Bilboko kaleak hartu genituen milaka pertsonak. Larunbat arratsaldean ozen entzun ziren lema antifaxistak eta faxismoari aurre egiteko borrokaren beharra ere nabarmendu zen. 

Esan gabe doa, manifestazio hori ehunka militantek egindako lan konprometituaren emaitza dela. Faxismoaren eta eskuin muturraren igoera arduraz hartzen dugu gazteok, eta gizartean desmobilizazioa nagusitzen bada ere, mugimendu atzerakoi horren aurkako lanketan jardun dugu buru-belarri.

«Faxismoaren aurkako borrokak manifestazio horien ostean ere bizirik jarraitzen du, eta horrela jarraituko du faxismoa zanpatu arte»

Manifestazio horien funtzioa gizartean hedatzen ari diren ideia atzerakoi horiei aurka egingo dien indar antifaxista eraginkor bat eratzea zen. Nolanahi ere, faxismoaren aurkako borrokak manifestazio horien ostean ere bizirik jarraitzen du, eta horrela jarraituko du faxismoa zanpatu arte. Bide horretan, hilaren 26rako Ikasle Antolakunde Sozialistak —IAS— ere faxismoaren eta inperialismoaren aurka mobilizazioak deitu ditu. Izan ere, ezinbestekoa da faxismoaren aurkako euste-horma bat antolatzea gizarteko esparru guztietan, baita hezkuntza arloan ere. Izan dadila egun hori ikasleek zein irakasleek kaleak hartu eta indar antifaxista bat erakusteko parada. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!