Frankismoaren lehen urteetan, 200.000 pertsona baino gehiago hil ziren gosez. Hori ez zen izan faktore naturalen ondorio, baizik eta politika eraginkor baten faltaren ondorio. Autarkiaren eraginez, merkatu beltza azkar zabaldu zen Espainia osoan, eta bizitzaren garestitzeak nabarmen egin zuen gora. Gainera, soldaten igoera txikia izan zenez, soldata errealak —erosahalmena— behera egin zuen.
Etxebizitzaren aferari frankismoan erantzun ona eman zitzaiola defendatzen duten horiei ondorengoa esango diet: noski etxebizitza asko eraiki zirela frankismoan, batez ere frankismoaren lehen urteetan, izan ere, 36ko Gerra garaiko azpiegiturak eraitsi zirelako. Hala ere, urte horietako proiektu urbanistikoen balorazio kualitatiboa ez da hain positiboa; izan ere, auzo askok eta askok azpiegitura falta zuten. Honen adibide aurkitzen dugu Madrilgo periferian, 1956. urterako 50.000 txabola zeuden. Etxebizitzen eraikuntza, beste behin, espekulaziorako bide ezin hobea izan zen.
Emakumeak frankismo garaian gaur egun baino «seguruago» bizi zirela defendatzen duenik ere bada oraindik. Baina emakumeak ez ziren segurago bizi, baizik eta kontrolatuak. Aitaren menpe, eta ondoren senarren menpe egon ziren. Haien baimena behar zuten edozer egiteko: bidaiatzeko, kontu korronte bat irekitzeko, lan egiteko...
«Faxismoa oinarrizko giza eskubideen aurkako ideologia bat da, eta ezinbestekoa da ideologia horri aurre egingo dion indar bat artikulatzea»
Frankismoa, beraz, garai oparoa izatetik urrun, injustiziez betetako garaia izan zen, eta horren aurrean erregimen frankistak erregimen autoritario bat ezarri zuen, oinarrizko eskubide politikoak eta sozialak gogor zapaltzen zituen. Gurean, euskararen eta euskal kulturaren heriotza bultzatu zuen erregimen frankistak. Faxismoa oinarrizko giza eskubideen aurkako ideologia bat da, eta ezinbestekoa da ideologia horri aurre egingo dion indar bat artikulatzea.