Berrarmatze politikak gelditu

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe 2025eko maiatzaren 19a

Gaur egun herrialdeen arteko tentsio ekonomiko, politiko eta militarrak areagotzen ari dira. Hori igarri genezake telebista piztean, irratia entzutean edota edozein aldizkari irakurtzean. Hori guztia herrialdeen boterearen berregituraketa bat ematen ari delako da. Europak bloke geopolitiko gisa boterea galdu du, eta gainbeheran jarraitzen du. Munduko beste eremu batzuk ordea, superpotentzia gisa hazten ari dira eta AEBen nagusitasuna zalantzan jartzen ari dira, Txina kasu.

Egoera berri honen aurrean bloke guztiek euren botere maila ahalik eta handien mantendu nahi dute. Garbia izaten ari da Europak berrarmatzearen alde egindako apustua. Europa Berrarmatu bezalako planen bitartez, gastu militarraren areagotze nabarmena ematea bilatzen du Europar Batasunak. Nola ez, milioika euro publikoz hornitutako plan horiek, armagintza industriako enpresa pribatuen poltsikoetan amaituko dute. Bitartean, gerrara bideratutako milioika euro horiek hezkuntza, osasungintza edo langileriarentzat ezinbesteko diren beste behar batzuetara bideratzeaz uzten dira.

Europak merkatu globalean zuen nagusitasuna galdu du, krisi sakon batean murgilduta doaz azken urteak, eta honek merkatu globalean errentagarri izatea uztea ekarri du. Gaur egun beste merkatu batzuen aurrean lehiakortasuna galdu du. Ez du gaitasunik Txina bezalako potentzien produkzio kostuak berdintzeko eta beraz, bi irtenbide ditu. Batetik, bertako enpresak itxi eta errentagarriagoak zaizkion beste eremu geografiko batzuetara lekualdatzea. Bestetik, hori mehatxu bezala baliatuz, bertako enpresetan lan-baldintzen murrizketak ematea.

«Gerra lehertuz gero, langileria izango da gorputzak jarriko dituena, klase kapitalisten poltsikoak beteta mantentzeko helburu hutsarekin»

Langileriarentzat etorkizun iluna dator. Bizi kalitatearen beherakada bat, gastu militarrak behartutako murrizketengatik. Lanpostuen galera edo baldintzen kaskartzea, merkatu globalean lehiatzeko gaitasun faltagatik. Kasu okerrenean, gerra lehertuz gero, langileria izango da gorputzak jarriko dituena, klase kapitalisten poltsikoak beteta mantentzeko helburu hutsarekin. Horren aurrean, langileriari dagokigu gerra inperialistaren eta berrarmatze politiken aurkako aldarri ozena egitea. Horren adibide da Maiatzaren Lehenean Bilbon milaka pertsonek kaleak hartu izana. Bada esperantza bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!