Hezkuntza ere erreakzioaren mehatxupean

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe 2025eko martxoaren 17a

M13ko ikasle mobilizazioak. GEDAR.EUS

Gaur egun hezkuntzako errealitatea aldarrikapen desberdinez josita dago eta horren adibide izan dira azken hilabetean zehar irakasleek egindako grebak ere. Mobilizazio horien arrazoiak hamaika izan dira, eta martxoaren 13an ere ikasleek haien beharrak entzunarazteko kaleak hartu zituzten.

Hezkuntza publikoan nabarmena da inbertsio falta, eta horrek, noski, ikasleen egunerokotasunean kalte nabarmenak eragiten ditu, ratio, azpiegitura eta zerbitzuen murrizketak adibidez. Bestetik, hezkuntzan, gizarteko gainontzeko espazio guztietan bezala, geroz eta handiagoa da jarrera erreakzionarioen, matxisten eta arrazisten presentzia. Izan ere, horrelako ideiak zabaltzen dituzten alderdi politiko, kaleko talde eta sare sozialetako figura geroz eta gehiago daude. Kontuan hartu behar da belaunaldi gazteenek sare sozialetan ordu asko pasatzen dituztela eta bertako influencer asko jarraitzen dituztela. Horrek gizarte osoan eragiteaz gain, ikastetxeetako egunerokotasunean ere eragin du; izan ere, ikastetxeetan indarkeria matxista kasuek gora egin dute, horren adibide izanik Gasteizko Unibertsitateko letren fakultateko irakasle erasotzaile bat (EHU) zein Irungo irakasle erasotzailea. Jarrera matxistez gain, ideologia faxista eta klasista duten irakasleen aurka jarduteko ikasturtea ere izan da aurtengoa, Gasteizko farmaziako irakaslea edota Leioako zuzenbideko kasua.

«Hainbat eta hainbat izan dira egoera larri honen aurrean antolatu diren ikasleak. Ikastetxe eta zuzendaritza askoren erantzuna, aldiz, egoera tamalgarri honi irtenbidea emateko antolatu diren ikasleak zigortzea izan da»

Hainbat eta hainbat izan dira egoera larri honen aurrean antolatu diren ikasleak. Ikastetxe eta zuzendaritza askoren erantzuna, aldiz, egoera tamalgarri honi irtenbidea emateko antolatu diren ikasleak zigortzea izan da. Gainera, polizia-indarra ikastetxeetan sartzen ere utzi dute kasu batzuetan, Iruñeko Biurdana eta Iturrama institutuetan, eta baita Bilboko Unamuno ikastetxean ere, zuzendaritzaren jarrera guztiz pasiboa izan delarik.

Hala ere, aipatutako jazarpen kasu horiek ez dira greba testuingurura mugatzen, ikasleen eguneroko ogi baitira plataforma digitalen bitartezko kontrola, edota ikasleen diziplinamendurako zigor eta debekuak. Horrek guztiak ikasleak ikuspegi kritikoz aritzeko eta antolatzeko zailtasunak besterik ez ditu jartzen, gauzak hobetzeko edozein grina itzaliz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!