Ez naiz arrazista, baina

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe 2024ko abe. 16a, 07:57

Arrazakeriaren kontrako murala Ibarran, Latifa Daghalek diseinatuta. ATARIA

Azken hilabeteetan etorkinen auzia pil-pilean dagoen gaia da. Alde guztietatik bonbardatzen gaituzte immigrazioaren inguruko zenbait daturekin: bakarrik iritsitako adingabe kopurua, migrazio-politikekiko hizka-mizkak eta abar, fenomeno hori kriminalitatearen gorakadarekin lotzera ere iritsita.

Bitartean, ez dago bidean (ez hemen bertan) egoera gordinenetan hiltzen direnen kopuru lazgarririk lehen orrialdeetan, ezta etorkin kondizioaren eta pobrezia mailaren arteko erlazioa oin-oharretan ere. Immigrazioaren auzia pisu eta ezaugarri horiekin aurkezteak helburu jakin batzuk ditu.

Ororen gainetik, egungo krisi testuinguruan, bizi baldintzen okertze masiboaren aurrean (langabezia edota behin-behinekotasun kronikoa, erosketa-poltsaren garestitzea, etxebizitzaren prezio eskuraezina eta abar), horren kausa eta erantzuleak (sistema kapitalista eta honen defentsan dabiltzan enpresari, bankari, politikari profesional eta abarrak) seinalatu eta borrokatu beharrean, sektore pobreenak kriminalizatzen dira, gizarteko kapa zaurgarrienak jarriz jo-puntuan. Dagokigun kasuan, fenomeno horrek forma ugari hartzen ditu.

«Batzuek, arraza edota kultura jakin bati jarrera problematiko batzuk esleitzen dizkiete, egiaz jokabide horien atzean gizarte kapitalistak sortzen dituen miseria eta basakeria daudenean»

Batzuek, arraza edota kultura jakin bati jarrera problematiko batzuk esleitzen dizkiete, egiaz jokabide horien atzean gizarte kapitalistak sortzen dituen miseria eta basakeria daudenean.

Besteek, etorkin «on» eta «txarren» arteko bereizketak egiten dituzte. Banaketa hori «legezkoak» eta «legez kanpokoak» terminoetan kokatuz gero, ez da oso bizkorra izan behar legalitatea migrazio-politiken esku dagoela konturatzeko. Bestalde, «integratuak» eta «ez integratuak» dikotomiari dagokionez, kultura ezberdinak nahitaez talkan kokatzen dituen aurreiritzi faltsuaz gain, sarri ideia hau du oinarrian: edo lan debaluatuak, burokrazia amaiezina eta abar txintik gabe onartzen dituzte, edo soberan daude.

Gauzak horrela, poteoko komentarioetatik hasi, jazarpen polizialaren normalizazioarekin jarraitu, eta oharkabean arrazakeria bidea higatuz doa. Geroz eta ugariagoak dira migranteen aurkako diskurtsoak, mobilizazioak eta jipoiak. Donostiakoak izan dira adibide entzunenak, baina eskualdean ere badira horrelako jarrerak: besteak beste, Asteasun bertan etorkinen aurkako margoketak azaldu dira behin eta berriro.

Horren aurrean, debekuen eta errepresioaren gogortzeak miseriaren areagotzea besterik ez dakar. Kontrara, gure hautuak klase bezala batu eta antolatzea behar luke, zapalkuntzan oinarritutako egungo sistema suntsitu eta askatasun eta berdintasun unibertsalean oinarritutako gizartea eraikitzeko. Bide horretan, ezinbestekoa izango da arrazakeriaren espresio orori aurre egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!