Idealistan iragarki bakarra dago hilabeteetan zehar: 995 euro/hileko, «perfecta para quien quiera venir a vivir unos meses mientras reforma su hogar». San Frantzisko elizaren arkupea batzuentzako «etxebizitza» aukera bakarra izatea normalizatu da, eta era berean, etxebizitza proiektu berriak egin eta egin ari dira (Iurramendi, Amarotz, San Esteban edo Ibarrako sarreran). Iurramendiko zozketan sartzeko 25.000 euro irabazi behar dira urtean gutxienez, eta auskalo zenbat mila euro aurreztuak izan hipoteka bat eskuratzeko. Eskualdean 1.466 etxe huts kontatu ziren 2023an INEren arabera, eta etxegabetzeak isilpean gauzatzen jarraitzen dira.
Gobernua osatzen duten politikariek emandako konponbidea etxebizitza lege entzuna izan da; etxegabetze datak zenbait kasutan atzeratzea ahalbidetzen duena, baina inondik inora hauekin amaitzea, edota prezioen igoerari muga jartzea bilatzen duena, prezioen jaitsiera baztertuz. Baita zeharka zein zuzenean jabedunen poltsikoetan amaitzen duten diru laguntzak eskaintzea (alokairurako edo hau sustatzeko erreformak ordaintzeko, adibidez). Finean, jabedunen negozioa mantentzeko legea.
Izan ere, hauek dira etxebizitza arazoen erantzuleak, negozioa egiten duten mota guztietako jabedunak: putre funtsak, eraikuntza enpresak, bankuak, jabedun handiak, errentatzaileak... Etxebizitzari merkantzia izaera kendu ezean, salerosi daitekeen zerbait izateari utzi ezean, ez dira arazo hauek konponduko. Are gutxiago, etxebizitza negozio ziurra bihurtu den eta politikari guztiak negozioa izan dadin ados dauden garai hauetan.
Hori salatu zuten Madrilen duela zenbait aste milaka pertsonek eta orain Euskal Herrian ere kalera irtengo gara etxebizitza sindikatuek deituta. Gonbidapena luzatu nahi nuke azaroaren 10ean Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egingo duen asanbladan parte hartzera, Tolosako Abastos eraikinean, arratsaldeko 18:00etan.
Jarri al zara inoiz pentsatzen, etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala balitz zenbat arazo eta sufrimendu ekidingo genituzkeen?
Etxebizitzaren negozioaren aurka, abenduaren 14an Bilbora!