Bortitza da aurrean dugun errealitatea, ez baitugu gaitasunik gure bizitza bera ere arautzeko. Gure bizitza antolatzeko. Beharrak agintzen du gure egunerokotasuna. Etxe baten beharrak, jan beharrak, edan beharrak, sozializatzeko beharrak, zaintzeko beharrak… Baina benetan bortitza bilakatzen du errealitate hau, behar horien guztien erantzun bakarrak, diruak. Diru beharrak. Honek agintzen du gure aurrean dagoen errealitatea.
Bizitza bat aurrera eramateko diru beharra ezinbestekoa da, eta honek lotzen gaitu bizimodu bortitz honetara. Gure beharrak asetzeko dirua behar dugu eta dirua lortzeko lanera joan behar dugu. Lanera joateak ez digu ordea bermatzen kalitatezko bizitza bat aurrera eramatea. Bertan erdigunea ere diruak hartzen baitu, gure bizitzak bigarren plano batean geratuz.
«Lanera joateak ez digu ordea bermatzen kalitatezko bizitza bat aurrera eramatea»
Nagusiaren diru goseak, enkargatuaren presioak, produkzio erritmo altuak, langileen arteko konpetentziak… Honek guztiak lan dinamika desegokietara bultzatzen gaituzte, langileok ere gure bizitzak bigarren plano batean utziz. Errealitate honek garamatza etengabe, Amezketan bizitako hau bezalako adierazpen gordinak ikustera. Horren adibide da aurten Euskal Herrian gutxienez 39 langilek bizia galdu izana lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan, eta 55 langilek iaz.
Errealitate bortitz honek erantzuleak ditu. Diru goseak bultzatuta segurtasun neurriak hartzea ekiditen duen nagusia. Hori guztia ahalbidetu eta erregulatzen duen Espainiako Estatua, eta hau kudeatzen eta babesten duten alderdi instituzional guztiak. Baita Europatik neurri hauek guztiak zuzentzen dituzten politikari, alderdi eta erakunde guztiak. Hauek guztiek hautu garbi bat egin dute, langileria baztertu diruaren alde.
Ezinbestekoa da lana antolatzeko beste modu batzuetaz hausnartzen hastea. Errealki langileok erdigunean egongo garena eta diruak aginduko ez duena. Gure bizitzak eta beharrak kontuan hartuko dituena eta ez beste batzuk aberasteko lanean jardutea. Finean, gure interes eta beharren baitan jardutea.