Europa gerrara begira

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe 2024ko eka. 1a, 07:57

Ekainaren 9an Europako hauteskundeak izango dira. Horren aurrean asko izango dira zabalduko diren mezuak; faxismoaren mehatxuari aurre egiteko garaia dela, aldaketak bultzatzeko momentua dela, zure erabakia garrantzitsua dela... Baina zein da hauteskunde hauen atzean dagoen errealitatea?

Hasteko, garrantzitsua da Europako egungo testuingurua aztertzea. Europako erakundeek gorakada beliko baterantz garamatzate; izan ere, azken urteetan etengabekoa da aurrekontuetan defentsarako bideratutako diru partiden igoera, hori guztia NATOren irizpideak jarraiki. Lehenik, Ukrainan eta orain Palestinan bizitzen ari diren gatazkak adierazten digu Europa hartzen ari den norabidea. Izan ere, Europako estatuen posizioa garbia da: Israelekin harreman diplomatikoak mantentzen dituzte eta armaz hornitzen jarraitzen dute. Nahiz eta haien aurpegi zuriketarako publikoki salaketa bat edo beste egin. Ezin aipatu gabe utzi hori guztia, alderdi guztiak, ezker zein eskuin, eramaten ari direla aurrera.

Aurrekontu militarren igoeraz gain, geroz eta gehiago normalizatzen ari dira iruditegi publikoan gerra eta horra bideratutako beste hainbat neurri. Europako herrialde askotan ari da indarra hartzen nahitaezko zerbitzu militarra berrezartzearen eztabaida. Europako Batzordeko presidentea den Ursula Von Der Leyenek bere adierazpenetan Europa gerrarako prest egon behar dela adierazi zuen aurten, besteak beste.

 

«Aurrekontu militarren igoeraz gain, geroz eta gehiago normalizatzen ari dira iruditegi publikoan gerra eta horra bideratutako beste hainbat neurri. Europako herrialde askotan ari da indarra hartzen nahitaezko zerbitzu militarra berrezartzearen eztabaia»

 

Horrek guztiak, ondorio garbiak utziko dizkigu langileoi. Aurrekontu militarren igoerak dakar diru partida horiek beharrezkoak diren beste sektore batzuetan ez inbertitzea, hezkuntza edo osasuna kasu. Langileria da beti gerraren ondorioak sufritzen dituena. Izan gerraren finantziaziorako miseriazko bizi baldintzetara kondenatzen dutelako, izan zuzenean gerran bizia ematera behartzen dutelako. Aldiz, inoiz ez da irabazle ateratzen agintarien interesei erantzuten dien gerra hauetatik.

Horren aurrean, ezkerrari bozkatzea ez da faxismoari aurre egitea izango. Europar Batasunak jada bultzatzen ditu neurri faxistak, migranteen aurkako legeak adibidez. Irtenbidea ez da hauteskundeetatik lortuko. Horregatik, Europar Batasunak zein NATO bezalako erakundeek duten erantzukizuna seinalatzea da garrantzitsua. Zentzu horretan, hauteskunde hauetan parte hartzea hauen legitimaziorako ariketa besterik ez da izango ekainaren 9an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!